Ezjakintasuna eta kultura politikoa

2018/06/12
xinako gobernua interneten eraikita zeukan “harresi digitala” irekitzen hasi da, nolabaiteko sarbidea emateko. Hala azaldu du Sergei Vicente idazleak, herrialde hartako errealitatea ondo ezagutzen duenak. La Vanguardia egunkarian egindako elkarrizketa batean galdetu zioten Txinako gobernua konturatu ote den interneterako sarbide kontrolatua “herriaren opio berri” gisan balia ote dezakeen. Bere erantzuna: “Hemen ere gure zentzu kritikoa hipnotizatu dugu”. Argi hitz egitea da hori!

Aipu hori ekarri dut euskal herritarren kultura politiko urriak kezkatzen gaituelako. Botereak mantentzen du urritasun hori. Botere politiko eta ekonomikoarentzat egokia da herritarren ezjakintasuna, horrela elikatzen baitute hegemoniari eusteko errelatoa.

Adibide bat ematearren, hainbat pertsonari galdetu diot zer dakien “gastu araua”ri buruz. Bada, gehienek ez dakite ezer. Haatik, erabaki politikorik nagusienetakoa da, administrazio guztietan politika antisozialak ezartzea dakarrena, edozein dela ere agintean dagoen alderdia.

EITBk berriz ere inkesta bat eskatu du jendeak hauteskundeetan zein joera har dezakeen ezagutzeko. Inkesta Jaurlaritzaren enpresa adiskide batek egin du, eta Jaurlaritzari komeni zaizkion galderak egin ditu. Zergatik ez zaio jendeari galdetzen gure gizartearen kultura politikoa neurtzeko baliagarri litzatekeena? Esaterako, ba ote dakiten gastu araua zer den. Ez da hori egiten nabarmen geratuko litzatekeelako hemen ere gure zentzu kritikoa “hipnotizatu” egiten dela, Sergei Vicentek dioen bezala. Oso gogorra litzateke edozein gobernurentzat inkestan agerian geratzea, adibidez, euskal herritarren %95ak ez daukala arrastorik ere “gastu araua” zer den.

Baina, zer da “gastu araua”? Krisi garaian zerga bilketa erortzen zenean gobernuek esaten ziguten aukera bakarra zutela, murriztea, dirurik ez zegoelako. Eta guraizak aise erabili zituzten. Orain, aldiz, diru bilketa hazten ari da (%11,8 EAEn eta %13,3 Nafarroan), baina ezin omen da resulta osasunean, hezkuntzan, mendekotasunean eta halakoetan gehiago gastatu. Zergatik? Gastu arauak galarazten duelako.

Nondik dator zorioneko arau hori? Gogoratu beharra dago PSOEk eta PPk 2011ko udan Konstituzioaren 135. artikulua aldatu zutela, beharrizan sozialen ordez zorraren ordainari lehentasuna emateko. Gero, 2012an, ordurako PP gobernura iritsia zelarik, Aurrekontu Egonkortasunaren Legea egin zuten. Lege hartan ezarri ziren defizita eta gastua (gastu araua) mugatzeko erabakiak. Gastu arauaren bidez, administrazioek lortzen dituzten diru-sarrerak gorabehera, ezin dute gastatu aurrez ezarritako portzentaje batetik gora. Ekonomiaren hazkundearen azpitik dagoen portzentajea, hain zuzen. Horrela derrigortzen dute sarrerak aurrez espero zirenak baino handiagoak badira zorra murrizteko erabil daitezen; ez osasungintza, irakaskuntza edo zaharren zaintzan.

“Gastu araua” antisoziala ez ezik autogobernuaren aurkako erasoa da, gure administrazioei kendu egiten baitie aurrekontu-politika erabakitzeko ahalmena. Hala esan zuen Montorok: arauak “Espainia batzen du”. Honetaz ez da ezer esaten. Zergatik? 2017ko uztailaren 11n EAJk hitzartu zuelako gastu araua PP eta Ciudadanosekin. Hobe da jendeak ez jakitea. EITBk ere, hedabide publikoa izanagatik, ez ditu honelako gaiak azaltzen. Lagun nafar batek duela gutxi esan zidan Erriberan UPNri botoa eman ohi dion batek honez gero ez dituela telebista espainiarrak ikusten, eta ETBra pasa dela, “albiste onak ematen dituelako”. Horrela “hipnotizatzen” da gure zentzu kritikoa, herritarrei beren iritzia taxutzeko datuak ezkutatuz, hots, gizarte bizi, dinamiko eta zorrotza posible egiten duena baztertuz. Botere politikoak nahiago du herritar ezjakina, bai baitaki kultura politikoak askapen bideak erakuts ditzakeela, eta hori ez zaio komeni.