Faxismoa: iraganeko oihartzuna

2018/06/25
Faxismoa ez da lotsatzen. Irmo aurre egiten ez bazaio, nahi duena egiten du azkenean. Iraganean gertatutakoari erreparatu behar diogu. Faxismoak ezkutuko sen ilunak xaxatzen ditu. Horretan ari da erreakzioa eragin nahi duenean asilo eske datozen immigrante pobreen aurka, klima aldaketari edo goseari ihes egin nahi diotenen aurka. Faxismoak hori dena aukeratzat ikusten du.

Faxismoa indartu egiten da pobreak elkarren artean muturka jartzen dituenean; horretarako baliatu egiten ditu joera politiko guztietako gobernuek ezarritako murrizte politikak, Grezian, Italian, espainiar Estatuan... Europar gobernuek horixe egin dute krisi garaian: pobreak elkarren artean aurrez aurre jarri. Lan duina enplegu miserablearen aurka, finkoak aldi baterakoen kontra, gizonak emakumeen kontra, eta guztiak immigrante pobreen aurka. Aintzat hartu behar da pobreziaren ezaugarria. Pobreak baztertu eta estigmatizatu egiten dira, eta era berean gobernuen politikak, baita euskal gobernuenak ere, desberdintasuna eta pobrezia areagotzen du. Gogoratu beharra dago doikuntza politikak jende txiroena zigortzen dutela, bertoko nahiz kanpokoak.

Gobernuek segurtasunaren aitzakia erabiltzen dute honetarako (?). Justizia soziala eta solidaritateaz hitzik ez. Trumpek harresi bat eraiki nahi du lurrean, eta EB baliatu egiten da hesi gisako oztopo naturalaz: milaka pertsona irentsi dituen itsasoaz. Agintean dauden politikariek propaganda egiten dute sinestarazteko behin Aquarius itsasontziaren arazoa konponduta dena bideratuta dagoela. Haatik, arazoa askoz ere larriagoa eta konplexuagoa da.

Italiak, Hungariak, Poloniak, Txekiak, Austriak, gobernu alemanaren zati batek... guztia zalantzan jartzen ari dira. Salvini barne ministro italiar neofaxistak “giza haragia” deitu die noraezean dabiltzan errefuxuatuei... Eta agintari europarren plana da immigrazioa Afrikan geldiaraztea, CIE moduko eremuak sortuz. Bost axola oinarrizko giza-eskubideak betetzen ez badira.

Hori gertatzen ari den artean, EBko komisario aleman batek duela gutxi esan zuen, Italian gobernua eratzeko arazoak zirela eta, “merkatuek erakutsiko diete italiarrei zer bozkatu behar duten”. Dimitri Avramopulos izeneko beste komisario batek, berriz, duela egun batzuk esan du Salvinik egiten duena (asiloa ukatzea) ez dela aztertu behar “legezko auzia den ala ez”. Legezkoak, eta derrigor bete beharrekoak, miseria dakarten doikuntzak dira. Asilo eskubidea, aldiz, ez. Bestalde, AEBek Alemanian duten enbaxadoreak, hots, Trumpen ordezkariak, berea bota du: “beste kontserbadore batzuk indartu nahi ditut Europa guztian”. Eskuin muturra indartu nahi duela, alegia. Lehenago horrelakoak zerbitzu sekretuek egin ohi zituzten, baina ezer esan gabe.

Kontuz! Eskuin muturra hainbat herrialdetan agintzen ari da, eta koalizioa osatu du. Halakorik ez zen ikusi II Mundu Gerraz geroztik. Benetan, guztia batuz gero (migrazioaren krisia, xenofobia, desberdintasuna eragiten duten doikuntza politikak eta eskuin muturraren goraldia) esan daiteke batzuk aspaldi honetan kolpe erreakzionario bat prestatzen ari zirela. Eta Troika estrategia horren parte da.

Ongi etorri errefuxiatuak!