HIPOKRISIA. Soldaten igoera?

2017/09/05
Agintari politiko askok esaten du kaleko jendeak entzun nahi duena, baina beren benetako erabakiak erabat kontrakoak izan ohi dira. Hori da benetako populismoa; populismorik merkeena. Politikan, bizitzako beste arloetan bezala, axola duena egintzak dira. Eta egintzak ikusita, zalantzarako tarterik ez da geratzen.

Esaterako, Rementeria Bizkaiko Diputatu Nagusiak esan du soldatak igo egin behar direla. Berari dagokion arloetan, baina, Diputatu Nagusiak guztiz bestela jokatzen du. Aldundiarentzat zuzenean lan egiten dutenak erosteko ahalmena galtzen ari dira; administrazioek zerbitzuak esleitzerakoan lehiatzen diren enpresek eskainitako prezioa lehenesten dute. Sistema zital honen ondorioa, gero eta soldata kaskarragoak…

Zer esanik ez, horra zahar-etxeetako emakumeen kasua. Ia 300 eguneko greba daramate bizkar gainean; gatazka honek arazo larri bat plazaratu du, eta Diputatu Nagusiak honi ez dio jaramon egin nahi. Zein izan da bere afana? Batetik, Eusko Jaurlaritzari eskatzea ezar ditzala neurrigabeko gutxieneko zerbitzuak (%90erainokoak), emakumeen greba eskubideak zerbitzuan eraginik izan ez zezan; bestetik, 2015etik aurrera itunpeko ohearen prezioa 81 euroan izoztea. Inflazioa aintzat hartuta izozteak benetan %5eko murrizketa esan nahi du. Gainera, ukatu egiten du ratioak aldatzeko aukera, horrek enplegua gehitu eta zerbitzua hobetuko lukeelarik.

Hauek dira egitateak. Beraz, soldatak igo behar direla diozu, Diputatu jauna? Horrela ezin da. Bere esku badago -eta hedabideek oihartzuna ematen badiote- Rementeria jaunak propaganda egiten jarraituko du.

Dependentzia aurrekontu publikoetan erabat baztertuta geratu den arloa dugu, zertarako, eta karga babes sozial publikoaren beharra duten erabiltzaileei eta familiei bizkarreratzeko. Adinekoen arretarako itunpeko sistema antolatzerakoan emakumea izan dute gogoan, eta enplegu eredu prekarioa. Gainera, beste xedea izan da zerbitzua ematen duten enpresek diru asko irabaz dezaten; enpresek dirua irabazten badute Diputatu Nagusi jauna ez da kezkatzen. Emakumeon grebak agerian utzi du aspaldidanik kokoteraino eginda daudela.

Diputatu jauna; zerorrek eta Aldundietako, Jaurlaritzako eta udal askotako agintariok soldatak hobetzeko borondatea izatekotan ez zenukete urrunera joan beharrik; adibidea eman zenezakete etxetik hasita. Arazoa da ez zaretela benetan ari. Zuen politikaren lehentasuna doikuntza da; bost axola du horren emaitza lan-baldintza negargarriak badira; emakume aurpegia duten baldintza eskasak.

Ez etsi, lagunok; Euskal Herriko hainbat lekutan ikusi dut jendea zuen borrokarekin bat datorrela; elkartasuna adierazten ari dela. Animoak eman nahi dizkizuete borrokari eusteko. Aurrera! Arrazoia duzue, baina baita borrokatzeko indarra ere.