EAJk garraio publikoarekin berriro hanka sartu du

2022/11/28
Mikel Noval, ELAko Azterketa Bulegoko arduraduna
EAJk amore eman behar izan du. Datorren urtean ere garraio publikoaren prezioaren %50eko jaitsiera aplikatu beharko dute gobernatzen dituen erekundeek (Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek edo EAEko hiru hiriburuetako udalek). Bozketa guztiak galduko zituela eta murrizketa aplikatzera behartua izango zela ikusi duenean, EAJk aldeko botoa eman du Eusko Legebiltzarrean.

Zaila izango da Eusko Jaurlaritza eta EAJ modu argiagoan barregarri utzi duten beste kasu bat aurkitzea. Eta ez da lehen aldia gai honetan. Pedro Sanchezen Gobernua garraioaren prezioaren % 30 finantzatzeko prest agertu zenean, nahiz eta bere eskumenekoa ez izan, EAEko erakundeak ia azkenak izan ziren % 50eko beherapena aplikatzen, amore emango zutela argi zegoen arren. Arrastaka eraman zuten, eta argi geratu zen garraio publikoaren prezioa jaistea ez zela beraien gustukoa. Beharbada auto ofizialean gehiegi ibiltzen direlako.

Lezioa ikasia zutela pentsa genezake, eta beren erakundeen aurrekontu proiektuetan luzapena sartuko zutela 2023rako. Baina ez. Agerian geratu dira berriro, hainbat astez gaiari uko egin nahian. Eta azken orduan, galdu eta beherapena aplikatu baino lehen, aldeko botoa eman dute. Berriro irrigarri.

Garraio publikoaren kostua jaisteak hainbat ondorio ditu, oso positiboak. Alde batetik, inflazio handiko une batean (bi urte daramatzagu horrela, Ukrainako gerraren aurretik ere gertatzen zen), garraio publikoa erabiltzen duten pertsonen eta familien poltsikoak arintzen ditu, ez baita merkea. Bestetik, garraio publikoaren erabilerak nabarmen egin du gora (batez beste %20), eta ibilgailu pribatuaren erabilerak ere nabarmen egin du behera (datu orokorren faltan, jakina da Bilbon irailetik aurrera %10 auto gutxiago sartu direla). Bizi dugun krisi ekologikoa kontuan hartuta, eta, jakina, Ukrainarekin zerikusia duena baino askoz haratago doana, etorkizuna garraio publikoa indartzea eta norbanakoaren mugikortasuna nabarmen murriztea da.

Neurri horrek kostu ekonomikoa du. Eusko Jaurlaritzak esan du EAEko erakunde guztientzat (Espainiako estatua alde batera utzita) urtean 72 milioi euro direla. Eta hori diru asko dela. Horretarako dirurik ez dutela esaten dute, baina, aldi berean, Urkulluren Gobernuak datorren urteko aurrekontuetan 135 milioi bideratu dituzte AHTrako. Eta aldundiak ehunka milioi euro gastatzeko prest daude errepide eta tunel gehiagotan, eraikuntza-enpresen loria eta irabazi handiagorako. Bide batez, 72 milioi euro inguru galdu dituzte euskal erakundeek, EAJk Kongresuan proposatutako energia-enpresen eta bankuen ezohiko irabazien gaineko zergaren murrizketaren ondorioz. Ikusten denez, dirua nahi dutenerako badago, baina ez gustatzen ez zaienerako. Eta baliabide gehiago nondik atera ere badago, nahi izanez gero.

EAJk eta bere erakundeek Espainiako gobernua dela erruduna esan dute, ez baitu neurriaren zati bat finantzatu nahi. Jarrera nahiko hipokrita da, autogobernuaren ikuspegitik hausnarketa merezi duena. Garraio publikoaren prezioa euskal erakundeen eskumena da. Beraiek hartu behar zuten ekimena. Hipokrita da eskumenen inbasioa salatzea, askotan gertatzen den bezala (horretan ados gaude), eta, aldi berean, eskumen propio bat finantzatzeko Madrili dirua eman diezaiola eskatzea. Kontzertu Ekonomikoaren guztiz kontrakoa da.

Gainera, gizarteari ematen zaion mezua ere kezkagarria da: hobekuntza sozialak Espainiako Gobernuaren eskutik datoz. Espainiako Gobernuak doako garraio publikoa eskaintzen du (aldiriko lineak datorren urte osoan); euskal agintariek, berriz, nekez %50eko deskontua aplikatuko dute 2023ko lehen sei hilabeteetan. Madrilen erabaki beharrean gauzak hemen erabakitzea hobe dela, borondateak irabazteko estrategia subiranista indartsua da. Baina jarrera hau horren aurka doa.

Garraio publikoaren prezioa jaisteak ez du koiunturala izan behar. ELAk %50eko beherapenari izaera iraunkorra ematea eta 2023an tarifak ez igotzea eskatu du, herritarrei laguntzen jarraitzeko, garraio publikoa gehiago erabiltzeko eta ibilgailu pribatuaren erabilera gehiago murrizteko. Ildo horretan, lidergo instituzional bat nahiko genuke, baina, orain gertatutakoa ikusita, ez dirudi gure agintariak horretan daudenik.