Apirilak 28, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna <spa

2007/04/26
Apirilaren 28a Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna izango da. Hori dela eta, ELAk hainbat ekitaldi antolatu ditu apirilaren 27rako. Ekitaldi guztietan ELAk arazo larri hau salatu nahi izan du. Iragan urtean 103 langile hil ziren lan ezbeharretan Hego Euskal Herrian. Hori dela eta, arazoari aurre egiteko beharra azpimarratu da.

Bilbon 10:00 izan da ekitaldia, Ayala Antzokian. Bertan, ELA, STEE-EILAS eta ESK-ko ordezkariek hitz egin dute. Ondoren, bertan bildutako ehunka lagunek manifestazioa egin dute Cebek patronalak Bilbon duen egoitzaraino.

Iruñean, berriz, ekitaldia Olite Zinematan izan da. ELAko idazkari nagusiak parte hartu du sindikatuko delegatuen bileran. 12:30tan, berriz, ELA, STEE-EILAS, ESK eta CGT sindikatuek deituta kontzentrazioa egin da Nafarroako CEN patronalaren egoitzaren aurrean.

Hau izan da gaurko eguna dela eta prestatutako testua

2007ko apirilaren 28a, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna:
Ez ezazu paso egin!

Datuak hortxe daude: arazoa oso larria da. 2006an Hego Euskal Herriko 103 langile hil ziren lantokian, 78 EAEn eta 25 Nafarroan.

Aurten dagoeneko 36 izan dira; horrela jarraituz gero, urtea amaitzerako azken urteetako kopuruetara iritsiko gara berriro.

Ez dezatela manipulatu: Egoeraren bilakaera ikusita, ezin da esan gauza ondo doanik, ez hobetuko denik ere. Ez zaiei behar bezala ekiten istripuen zergatiei, eta emaitzak horrela ezin onak izan. Europako txapeldun gara istripuetan: Tasa bikoitza daukagu!

Lanean gertatzen diren ezbeharren eta hartzen diren gaitzen arrazoiak oso ondo ikertuta daude: lan prekarioa, azpikontratazioa eta enpresaburuen utzikeria bete behar dituzten lege eta arauei dagokienez: ez dute prebentzioan dirurik sartzen, eta lan-erritmo biziegiak, arriskutsuak, ezartzen dizkiete beharginei.

Enpresek ez dituzte legeak betetzen, eta horren aurrean estatuko administrazioaren utzikeria harrigarria da. Ugazabek badakite ez dutela zigor handirik jasoko. Ikuskatzaile nahikorik ez dago; hor ikusten da administrazioaren benetako borondatea.

Estatu mailako jokabideen adibide argia Nafarroan daukagu: Enplegu plana eta Arriskuen Prebentziorako Fundazio Laboralaren "jarduna" UGT eta CCOO sindikatuak finantzatzeko modu bihurtu dira. Baina horrelako hitzarmen eta erakundeek ustez egin beharko luketeena, segurtasun eta osasuna hobetzea, alegia, ez dute egiten.

Lakuako gobernuak Espainiakoaren moduan jokatzen du. Jaurlaritzako Lan sailak berak aitortzen du langileen segurtasun eta osasun kontuan ez duela asmatzen. Zer egiten du administrazio honek? Aurrekontuetan baliabide eskasegiak jartzen ditu; pertsonalik ere ez dago; komunikabideetan ondo geratzeko kanpaina birtualak ordaintzen ditu; kudeaketa-planak ez dira betetzen; Osalan erakunde burokratiko eta ezgaia bilakatu da...

Zergatik? Enpresaburuei aurre egiteko borondate politikorik ez dagoelako; euren kezka enpresen interesak eta irabaziak babestea da; langileen segurtasun eta osasuna bigarren mailan, ahaztuta geratzen da.

Beraz, gauzak argi daude; badakigu segurtasunaren egoera lan-harremanen muinean dauden interes kontrajarrien ondorio dela, eta horregatik ekintza sindikala beste biderik ez daukagu. Langileek behar egiteko inguru segurua izatea, osasuna ez galtzea, agenda sindikalean lehentasun bihurtu behar dugu, baita negoziazio kolektiboko eztabaidagai.