Donostiako Berra Egoitzan akordioa lortu da

2014/07/25
Uztailaren 24ean , enpresa-batzordeak (ELA, UGT eta independenteek osatua) eta Berra Egoitzako zuzendaritzak (SAR Quavitae taldearen esku dagoena) akordio bat iritsi dute; honela 2013ko maiatzean hasi zen lan-gatazka luzea amaitu eta bermatu egin da lan-baldintzen hobekuntza eta blindajea. Ondorioz, greban zeuden langileak beren postuetara itzuliko dira.

Akordioa medio 2013ko uztailaren 19an enpresa-batzordearen zati batek -ELAk eta beste bi ordezkariek ez zuten sinatu- itxitako itunari berme batzuk gehitu zaizkio; iaz hitzartu zenak ez zuen egoitzako langileen batzarrean nahikoa babesik jaso, eta horrek luzatu du gatazka gaur arte. Gaurko  akordioari esker Berra Egoitzako langileen baldintzak dagoeneko Gipuzkoako beste egoitzetan indarrean daudenekin parekatuko dira.

ELAk oso pozik hartu du sindikatuek eta enpresako zuzendaritzak lortutako adostasuna. Halaber, sindikatu honen ustez SAR Quavitae enpresa-taldearen eta langileen ordezkarien artean aro berri bati ekiteko aukera ere eskaintzen du, lan-harremanak normalizatze aldera. 

Akordio honekin ELAk amaitutzat eman du Gipuzkoako adinekoen egoitzetarako 2013-2014ko negoziazio prozesua. Gogoratu beharra dago 75tik gora egoitza eta eguneko zentrotarako akordioak sinatu direla; hauetan guztietan blindaje klausulak jaso dira, gure lantokietan erreforma laborala ez aplikatzea bermatzen dutenak, baita baldintza laboral eta sozialen hobekuntza handia ere.

ELAk nabarmendu nahi du negoziazio prozesu honen inguruan sektoreko milaka langilek egin duten mobilizazioa, izandako parte hartzea eta emandako babesa. Oraingoan ere agerian geratu da negoziatzeko proposamen on batekin eta lan sindikal egokia eginez gero akordio bikainak lor daitezkeela.

Azkenik, sindikatuak bere ilusioa eta konpromisoa adierazi nahi du benetako negoziazio kolektiboa, asmo handikoa eta kalitatezkoa egiteko; horrek ahalbidetuko du gure sektoreko milaka langileren baldintzak hobetzea, eta akordioetan behar besteko berme legalak jasotzea, inork ez dezan  zapuztu gure borrokarekin lortutako guztia.