Douglas lurrin dendetako langileek greba mugagabea hasi dute kaleratzeen kontra

2022/03/17
Douglas lurrin dendetako langileek greba mugagabea hasi dute kaleratzeen kontra. Bizkaiko langileentzat lehen greba eguna da gaurkoa, eta astelehenean, martxoaren 21ean, hasiko da Nafarroan. Beste lurraldeetara hedatuko da. Hego Euskal Herrian 23 denda itxi nahi ditu Douglasek.

Bizkaiko Douglas dendetako langileak kalera atera dira gaur, greba mugagabearen lehen egunean, eta kontzentrazioa egin dute Bilboko Ercilla kaleko dendaren parean. Izan ere, Bizkaiko 19 dendetatik (132 pertsonek egiten dute bertan lan, ia guztiak emakumeak) 11 ixteko asmoa du denda kateak.

Murrizketa horiek, ordea, ez dira Bizkaira mugatuko: Hego Euskal Herriko beste dendak ere itxi nahi dituzte, zehazki Nafarroan zazpi denda, Araban bat eta Gipuzkoan lau (denda bakoitzean 6-7 lagunek egiten dute lan, batez beste), eta langileen lan baldintzak okertu nahi ditu zuzendaritzak. Hori dela eta, greba beste lurraldeetara ere hedatuko da. Astelehenean, esaterako, Nafarroan hasiko da.

Gogoratu dezagun, pasa den astelehenean adiskidetze prozesua egin zutela Douglaseko zuzendaritzak eta sindikatuek SIMA bitartekaritza zerbitzuetan. Aurreko akordioa ez zela bete deitoratu zuten sindikatuek, ez zelako EEEa aurkeztu aurreko negoziaziorik egin. ELAk enplegu erregulazio espediente hori bertan behera uzteko eskatu du. Zuzendaritza, ordea, ez dago prest eta uko egin dio beste negoziazio bideak aztertzeari.

Era berean, ELAk eskatu du Douglaseko langileen lan baldintzak hemen negoziatzeko, eta ez Madrilen. Hori lortzeko greba deitzea erabaki du ELAk.