Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua

ELAk antidemokratikotzat jo du EAJk eta PSEk pentsiodun mugimenduak sustatutako HELari uko egin izana

2025/09/25
Duela hilabete batzuk Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegile (HEL) bat jarri zuen abian, gutxieneko pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatzea eskatzeko. Aldarrikapen horrek eragin positiboa izango luke emakume pentsiodunengan, haiek jasotzen baitituzte pentsio txikienak, 700 euro ingurukoak. HEL horrek dozenaka eragile sozial eta sindikalen eta herritarren babesa jaso du, Pentsiodunen Mugimenduak 145.000 sinadura bildu baititu hilabeteotan.

Irailaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak agerian utzi zuen bere jarrera, eta HELari buruzko kontrako txosten teknikoa egin zuen. ELAk kritikatu egin zuen txosten hori, balorazio politikoa zelako eta ez zuelako inolako datu tekniko edo juridikorik jasotzen. ELAk ez du onartzen pentsioak Eusko Legebiltzarraren eskumenekoak ez direnen argudioa; izan ere, pentsioak hobetzeko borondate politikoa balego, hori ahalbidetuko luketen formulak egongo lirateke.

Gainera, hori estatus berria eztabaidatzen ari den unean heldu da, eta ELAk uste du hori izan beharko litzatekeela hemen, Euskal Herrian, negoziatu beharko litzatekeen gaietako bat. Hori dela eta, ELA iragan astean pentsiodunekin batera mobilizatu zen, eta gaur berriro mobilizatu da Gasteizen.

ELAren ustez, antidemokratikoa eta bidegabea da EAJk eta PSEk hartutako erabakia, hau da, HEL tramitatzen ez uztea eta Legebiltzarrean eztabaida eragoztea. ELAren ustez, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea justiziazko neurri bat da, legitimoa eta urteetan zaintzengatik ordaindutako enplegua sakrifikatu duten emakume pentsiodunekiko zor bat. ELAk mobilizatzen jarraituko du pentsio justu eta nahikoak lortzeko.