ELAk 2012ko aparteko ordainsariaren %100 itzultzeko eskaera egin du Nafarroako Parlamentuan
ELA sindikatuak, 20.000 baino gehiago diren langile publikoei 2012an lapurtu zieten soldataren 100% ordaindu ahal izateko, aurrekontuan beharrezkoak diren aldaketak egiteko eskaera formala erregistratu du Nafarroako Parlamentuan. Era berean, eskaera honen bidez, azken lau urteotan deuseztatutako lanpostuak konpentsatuko dituen benetako beste enplegu batzuen sorrera bultzatuko litzateke.
UGT, CCOO eta CEN patronalari 900.000 euro emango zaizkie laister egingo den ekimen politikoari esker; baita 5 milioi euro inguru partidaz aldatu ere hartzaile berberei emateko. Beraz, frogatua dago, borondate politikoa dagoenean, beharrezkoak diren aldaketak egiten zaizkiola aurrekontuari. Kasu honetan, Parlamentuan eztabaidatuko da 2012tik luzatu den aurrekontua nola aldatu; horrela, UGT, CCOO eta patronalak onura aterako dute, eta haien bezero sarea sendotuko dute .
Zentzu honetan, ELAk egiaztatzen du aldaketa horren helburua ez dela langileen beharrei erantzuna ematea; are gehiago, bestelako neurri sozialak onar daitezke benetako bultzada ekonomikoaren alde. ELAk Parlamentuari exijitzen dio aldaketa parlamentarioa bultza dezan eta 60 milio euro bidera ditzan, 2012an langile publikoei lapurtutako 14. aparteko ordainsaria itzuli ahal izateko. Era berean, beste partida batzuk bidera daitezke beharrezkoa den lan publiko gehiago sortuz; horrek langabezia murriztuko luke eta baita ekonomia suspertu ere, besteak beste, hezkuntzan ratioak egokituz, benetako EPEak konbokatuz eta abar. Horrela, bajak, jubilazioak eta bestelako kontingetziak beteko lirateke.
UGT, CCOO eta CEN kasuarekin, frogatua dago aurrekontuko partidak leku batetik bestera mugi daitezkeela. Hori dela eta, beraien proposamenak ordaintzeko asmoz, ELAk proposatzen du ondorengo partidak murriztea ala ezabatzea: AHT (47,9 milioi); UGT, CCOO eta CENek jasotzen duten laguntza nominala (0,9 milioi); zorraren interesak berriz planteatzea (89,9 milioi); Logroño eta Jacako autobideen itzalpeko bidesariak (42 eta 18,4 milioi hurrenez hurren); Nafarroako Kanalaren kanona (15 milioi).
Gainera, nahikoa litzateke azken erreforma fiskala baliogabetzea ELAk proposatutako neurriak ordaintzeko, erreforma honek urteko 103 milioi euroko galera sortuko baitu zerga-bilketan.