ELAk ez du onartzen pentsio planentzako laguntza sistema

2006/12/28
Iragan abenduaren 22an argitaratu zuen EHAOk 252/2006 Dekretua, Borondatezko Gizarte Laguntza Erakundeen bidez ematen diren gizarte-aurreikuspen sistementzako diru-laguntzei buruzkoa. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak prestatutako Dekretu hori onartzean, Eusko Jaurlaritzak ez du kontuan hartu Lan Harremanen Kontseilurako kontsulta-saioan sindikatuek eta patronalak proiektu horretaz egin zuten balorazio negatiboa. ELAk ez du onartzen dekretua.

ELAK ez du inolaz ere onartzen Dekretu hori:

1. Eusko Jaurlaritzaren Dekretuak sustatzen duen BGAE zerga-aurrezpen sistema da, ez gizarte aurrikuspen osagarria.

Bat dator jokabide hori Lakuak eta foru-aldundiek azkeneko Zerga Aldaketan izan duten jarrerarekin, hau da, pribilegiozko tratua BGAEetara egiten diren ekarpenei. Are deigarriagoa da jarrera hori ikusirik Espainiako gobernuak aldatu egin duela orain arte zerabilena.

2. Eusko Jaurlaritzak negoziazio kolektiboa baztertzea erabaki duela berresten du Dekretuak, eta gutxiengo sindikalarekin hitzarmenak egitearen aldekoa dela. Hona hemen zer dioen:

“Estatutuen araberako hitzarmen kolektibo baten ondorio izan beharko dute edo, halakorik ezean, lan-akordioaren ondorio” (3.1 artikulua.)

Bi helburu lortzen ditu horrela Eusko Jaurlaritzak:

- Itzarrirekin ezarri zuen eredua sendotzen du (langileen gutxiengoa ordezkatzen duen CCOO sindikatuarekin sinatu zuen lehendakariordeak hitzarmen hura).

- Negoziazio kolektiboaren arauen haustura sustatzen du, eta gutxiengo sindikalarekiko hitzarmenei bidea libre uzten die, Legeak dioen negoziazio kolektiboko ereduari muzin eginez, gehiengoen arteko hitzarmenei, alegia.

Deigarria da nola egin duen atzera Lan Sailak Langileen Estatutuaren negoziazio kolektiboaren aldeko jarreran eta nola egin duen bat Jaurlaritzako alderdi nagusiaren aginduekin.

3. BGAEei dagokienez, patronalaren eta gutxiengo sindikalaren esku uzten ditu berriro ere Dekretuak erakundeei horien kudeaketari buruzko erabakiak (adibidez, BGAEko funtsak non eta nola inbertitu behar diren). Ikus dezagun zer dioen artikuluak:

“...erabakiak alderdi bakoitzaren gehiengoaren arabera hartzen direla bermatuz edo, hala badagokio, gehiengo kualifikatu globalen arabera, betiere bertaratutakoen edo ordezkatuen gutxienez %66 bilduta”.

Beraz, aski du patronalak (publikoa nahiz pribatua) ordezkari sindikalen heren eskasaren babesa jasotzea nahierara erabiltzeko BGAEetako funtsak.

ELAk gogorarazten du, bestalde, 252/2006 Dekretua ez dela salbuespena, Jaurlaritza osoak onartzen duen estrategia baten ondorioa baizik. Gizarte Aurreikuspen Plan Osagarrian –Lan Harremanen Kontseiluan, ez patronalak ez sindikatuek (CCOOk izan ezik) ez zuten onartu Plana– ikusten da estrategia hori, eta bi Dekreturen bidez jarraituko du garatzen: BGAEen jarduera batzuk arautzeko dekretua eta Gizarte Aurreikuspeneko Euskal Kontseiluaren eginkizunak eta osaera erabakitzeko dekretua. Kontseilu horretarako aurrikusten den ordezkaritzak eta erabakiak hartzeko sistemak hutsaren parean uzten du ordezkaritza sindikalaren balioa.

Horregatik guztiagatik, ELAk uste du Ibarretxeren gobernuak hautsi egin dituela negoziazio kolektiboaren arauak, eta, gainera, sindikatuen zilegizko ordezkaritzaren aurkako kanpaina horren buru izatea erabaki duela. Elkarrizketaz mintzo zaizkigu, baina agintekeriaren txapeldun bihurtu dira. Gehiengoaren nahia aintzat hartu behar dela diote, baina gehiengoaren aurka hartzen dituzte erabakiak.