ELAk fede txarra egotzi dio Cecobi patronalari Larru eta Oinetakoen merkataritza hitzarmenean
Maiatzaren 29an Bizkaiko Larru eta Oinetakoen hitzarmeneko negoziazio-batzordea bildu da. Batzorde hori Bizkaidendak patronalak, ELAk eta LABek osatzen dute, sektorean gehiengo absolutua dutelarik. Negoziazio-mahaiak egin dituen zazpi bileretara deitu duten arren, Cecobi patronala ez da agertzen, Larru eta Oinetakoen sektorean duen ordezkaritza ez baitu egiaztatu nahi. ELAren iritziz CecobiIren jarrera oso larria da, negoziatzeko betebeharraren aurka baitoa; bere jarrera negoziazioan fede txarrekotzat har daiteke, eta horregatik ELA aztertzen ari da patronal honen aurka bide legaletik nola jo daitekeen.
Halaber, ELAk Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailari eskatu dio bitartekari gisa jokatu eta Larru eta Oinetakoen sektoreko alde interesatuei (patronal eta sindikatuei) deialdia egin diezaiela ordezkaritza patronalaren auzian; bi patronalek beren ordezkaritza mahai gainean jarri behar dute, bakoitzari negoziazioan dagokion portzentajea erabakitze aldera.
ELAk uste du Cecobi itsu-itsuan ari dela ordezkaritza aldetik ez dagokion monopolio bati eutsi nahian, eta bere interesak finantzazioarekin lotuta daudela areago, hitzarmena negoziatzeko asmoari baino. ELAren iritziz, CEOEko patronalak bere interes korporatiboak lehenesten ditu, sektorearen eta langileen interesak alde batera utzirik.