ELAK IRMOKI GAITZETSI DU MADRILGO ATENTATUA </font

2006/12/30
ELAk irmoki gaitzesten du Madrilgo atentatua, euskal jendartearen baitan haserrea eta kezka sorrarazi dituena; eta bere elkartasuna adierazten die ekintza honen ondorioz kaltetuak gertatu diren pertsonei.

Ez diogu ETAri bortxaren bideari berriro heltzeko inolako zilegitasunik onartzen; pertsonak erasotzea eta txikizioa eragitea hautu antzua da; are gehiago, kaltegarria, gorrotoa sustatu eta euskal aldarrikapenen aurkakoak indartu egiten baititu. Beste behin bortxa betirako baztertzeko esaten diogu, beraz, ETAri.

Eraso honen gaitzespenarekin batera, azpimarratu nahi dugu martxoan abiatu zen prozesuaren inguruan euskal jendartean zabaltzen ari zen kezka, gaurko ekintzak eta honen inguruko adierazpenek areagotu egin dutena. Prozesuaren ardura dutenei, eta, inori baino lehen, Espainiako gobernuari, aukera hau baliatzeko eskatzen diegu, eta zabaltasun eta konpromisoz jokatzeko, orain arte erakutsitako taktizismoa eta arduragabekeria baztertuta. Hau da (abenduaren 14ko ekitaldirako euskal sindikatuen gehiengoaren agirian esaten genuen bezala):“soluzioen aldeko hautua egin dezatela, eta ganoraz, zintzotasunez eta bete-betean hel diezaiotela konponbidearen aldeko lanari; konponbidearekin asko dugu eta, irabazteko; galtzekorik besterik ez, ordea, irekitako prozesuaren porrotarekin”.