ELAk Lan Ikuskaritzaren aurrean salatu du etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileek Barakaldon bizi duten muturreko egoera

2020/04/28
Barakaldon etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duen Babes Geriatrikoa 2005 enpresako langileen muga-egoera salatu du ELAk Lan Ikuskaritzaren aurrean. Sindikatuak egiaztatu duenez, alarma-egoera hasi zenetik Barakaldoko Udalak eta azpikontratak babesik gabe utzi dituzte langileak, Covid-19ko kasuen aurrean beren osasuna babesteko neurriak eta norbera babesteko ekipamenduak ez direlako iristen edo nahikoak ez direlako. ELAk premiazko konponbideak eskatu ditu, eta ez du baztertu epaitegietara jotzea langile eta erabiltzaileen osasuna bermatzeko.

ELAk kritikatu du gaur egun ez dela bermatzen ez laguntzaileen ez erabiltzaileen segurtasuna, beharrezko materiala falta delako (maskarak, betaurrekoak, erabili eta botatzeko mantalak, eskularruak, etab.), ez delako testik eta ikuskapen-neurririk egiten. Laguntzaileei ere ez zaie inolako informazio edo prestakuntzarik ematen. Alde horretatik, ELAk eskatzen du langile guztiei eta zerbitzuaren erabiltzaileei berehala egin behar zaizkiela testak.

Sindikatuak urteak daramatza zaintza sistemaren barruan funtsezko lana egiten duen kolektibo batentzat baldintza duinak aldarrikatzen. "ELZk bizi dituen gabeziei Covid-19ko krisia gehitzen bazaie, agerikoa zen emaitza jasaten ari garen hondamendia izango zela", salatu du.