ELAk salatu du UGT eta CCOOekiko faborezko tratua bi milioi baino gehiago kostako zaiola Iruñeko Udalari
ELAk uste du Iruñean UPN, PSN, PP eta I-Ek hartu duten erabakia, lurzoru publikoa UGT eta CCOOen esku uztea etxebizitzak eraikitzeko, astakeria bat dela, arrazoi bakarra duena, sindikatu hauekin betidanik dagoen klientelismoa eta faborezko tratua. Publikoa dena defenditzeko jarreratik, ELAk ez du ulertzen I-Eren jarrera, indar politiko honek hausnartu egin beharko luke gobernuen jokabide klientelistei ematen dion babesa.
Operazio honek ez du etekin sozialik emango, izan ere, etxebizitza babestuak eskuratzeko baldintzak kendu direnetik hau ere promozio libre baten antzekoa izango baita. Gogoratu beharra dago CCOO eta UGTren promotorak, azkenengo honen kasuan, merkataritza-sozietate gisa eratuta daudela eta, horrenbestez, ez dela egia irabazi asmorik gabeak direnik.
Bestalde, ez da egia ere operazioa Udalarentzat kostu gabekoa denik: diru-kutxa publikoetan bi milioi euro gutxiago sartuko da, eta hau 97 milioiko zorrak dituen erakunde batek ezin dezake jasan. UGT eta CCOOei ematen zaien faborezko tratua izugarria da: Udalak ez ditu berreskuratuko bere garaian lurzoru horietan izan ziren urbanizazio-kargak, sindikatu horiek ez baitute birkalifikatzeak dakarren aldea ordainduko (gutxienik aipatutako bi milioiak).
Agerikoa da honen atzean interes jakin bat dagoela: aipatutako bi sindikatuek etxebizitza langileak erakartzeko gako gisa erabiltzen dute, eta beste gai batzuk bezala, diru publikoa esku artean erabiltzeko.
Etxebizitza eskari sozial larri bat denez, arlo honen kudeaketa ezin da sindikatuen gain utzi; aitzitik, Administrazioak kudeatu eta banatu behar ditu etxe babestuak, erabakiak gardentasun eta berdintasun handienaz har daitezen.
Azkenik, ELAk berretsi egiten du pertsona guztiei bizileku duina izateko zor zaien eskubidearen defentsa. Halaber, esparru honetako gastu publikoa gehitu egin behar da; etxebizitza babestuak alokatzeko izan behar dute, eta hutsik daudenak merkaturatzea ere ezinbestekoa da.