ELAko Batzorde Nazionalaren agiria

2007/01/29
ELAko Nazio Batzordeak gaur Bilbon izan duen bileran aztertu egin ditu hainbat herritar, erakunde eta talderen kontra egunotan gertatzen ari diren ekinbide judizialak. Hain zuzen, Iñaki de Juanari buruz hartu den erabakia, lehendakariaren aurka irekita dagoen auzibidea eta Jarrai-Haika-Segi taldeei buruz Epaitegi Gorenak duela gutxi eman duen sententzia.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor-Aretoak osoko bileran erabaki du Iñaki de Juanak espetxean jarraitu behar duela; ELAko Nazio Batzordearen aburuz erabaki hau zeharo gupidagabea da. Esparru politiko, judizial eta mediatiko jakin batzutan duela zenbait hilabete adostu zen ez ziotela kalera ateratzen utziko: lehenik, betetako zigorra zenbatzeko modua aldatu zuten; gero, akusazio berriak egin eta espetxe-zigorra ezarri diote (bi iritzi artikulu medio). Orain ebatzi dute berdin dela pertsona hau hiltzea, eta berdin zaie gose-greba egiteko muturreko erabakia bere aurkako jokabide amorratuaren ondorio izatea. ELAren iritziz, honen guztiaren erroan mendeku gosea eta prozesuari kutsu errepresiboa ez kentzeko borondatea datza.

ELAko zuzendaritza organoak, bestalde, lehendakariaren aurka irekita dagoen auzibidea epaileak botere eta indar politikoen eskumenetan sartzeko modu onartezina dela uste du. Ez dagokie auzitegiei herri honetako joera politiko baten ordezkari legitimoekin, ez beste edozein herritarrekin, egindako bilera fiskalizatzea. Noski, ELAk iritzi berbera du Batasunako ordezkariak bilera horretara joateagatik auzipetu izana dela-eta.

Hain zuzen ere, kezkatzekoa da ordezkaritza oso murritza edo hutsala duten zenbat talde sortu diren ikustea, beren egiteko bakarra pertsona, talde eta erakundeen aurka full time kereilak sartzea baita; beren xedea, akuilu gutxi behar duten fiskaltza eta epaileak xaxatzea.

Bestalde, Nazio Batzordeak oso traza txarra hartu dio Epaitegi Gorenak Jarrai, Haika eta Segiri buruz emandako epaitik orain arte jakinarazi dutenari; beldur gara aurrekari honekin ez ote duten terrorista legez juzkatuko erakunde horien izenean ekitaldiak deitu edo ekinbideak egiten duena. Epaiaren beste ondorioa beste auzibide batzuk baldintzatzea izan liteke: 18/98 sumarioa (Egin, Xaki, Joxemi Zumalabe eta Ekin); Askatasuna eta Gestorak; Batasuna eta Herriko Tabernak; Udalbiltza eta Egunkaria; 150etik gora herritar dago sumario eta kasu horien eraginpean.

ELArentzat oso larria da jarduera politiko bat oro har zigortzea, eta ez ekintza eta jokabide konkretuak; epai hau gure gizarteko sektore baten aurkako errepresioa areagotu den giroarekin lotuta dago; gogortzea politikari eta hedabide askok eskatu zuten bi langile ekuatoriarren heriotza eragin zuen Barajasko atentatuaren ostean.

Sistema judizial batek hain erraz presioei men egin dienean eta zigor latzak eskatzen dituzten ahotsak entzuteko prest denean, beste aldetik eskubide eta bermeen defentsarekiko oso konpromiso ahula agertzen duelarik, arrisku bat da botere-egituraren babesean ez dauden sektore eta herritarrentzat.

Bilbon, 2007ko urtarrilaren 29an