Bizi!-ren ekimen ikusgarria Baionan
Hain zuzen, HSBC bankuak zerga-paradisuetara bideratzen duen kapital-ihesa salatzeko, Bizi! mugimenduko kideek ekintza sinbolikoa egin zuten otsailaren 12an banku horrek Baionan duen bulegoan. Bertako aulkiak hartu eta eraman egin zituzten, ondorengo oharra utziz: ez dituztela itzuliko HSBC bankuak iruzurraren bidez Frantziako estatuari ostu dizkion milaka milioi euroak itzuli arte.
Ekintza horren kausa, otsailaren 17an Bizi!-ko presidentea den Txetx Etcheverryk deklaratu behar izan zuen Baionako polizia etxean. ELAk bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi die bai Bizi! mugimenduko lagunei zein Etcheverryri, gure sindikatuko militante ezaguna eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak Iparraldean duen arduraduna.
Etcheverryk azpimarratu nahi duenez, gisa honetako ekintzekin zerga iruzurraren arazo larriaz ohartarazi nahi dute Bizi!-ko militanteek. “Falcianik berak onartu du zerrenda horretan agertzen den kopurua ez duela munduan zuritzen den diruaren %0,000001a ere suposatzen, icebergaren tontorra besterik ez dela. Urtero HSBC bezalako bankuek milioika euro bideratzen dituzten paradisu fiskaletara. Zerga-iruzurra egun dugun arazo larrienetakoa da, biltzen ez den diru hori herritarron kalterako baita. Egin genuen ekintzarekin guztiona dena berreskuratu nahi izan genuen. Horregatik eraman genituen aulkiak Bizi!-ren egoitzara, bertan bilerak egiten ditugunean esertzeko; bertara hurbiltzen den jendearen esku utzi ditugu. Aulkiak itzultzeko prest gaude, noski, baina baldintza batekin: HSBC bankuak iruzur eginda Frantziako estatuari lapurtu dizkion 2.500 milioi euroak itzultzea, hor gure dirua ere baitago”.
Informazio gehiagorako: http://www.bizimugi.eu