Espainiar estatuaren inboluzio politikoak eta mobilizazio sozial ez alderdikoiak Kataluniako prozesu soberanista indartu dute
ELAk zorionak helarazi nahi dizkie herri katalanari, prozesua bultzatzen duten gizarte-mugimenduei eta bere erakundeei, A-9 hau posible egin dutelako. Bere babesa adieraztearren, ELAk atzo Donostian Gure Esku Dagok antolatu zuen ekitaldian parte hartu zuen, eta gaur sindikatuko delegazio bat Katalunian da, gure elkartasuna agertzeko.
ELAk nabarmendu nahi ditu Katalunian azken urteetan gertatu diren bi kontu, biak ere oso garrantzitsuak. Lehena, Estatu espainolaren inboluzioa herri baten pedagogia politikorako tresna bihurtu izana; PPren eta PSOEren ezetzak prozesu soberanistan eragin katalizatzailea izan du. Bigarrena, mobilizazio soziala. Hau erabakigarria izan da alderdi politikoen jokabidea ulertzeko, izan ere, ezinezko bilakatu baitu gehiengo sozialari iruzur egin ziezaiokeen eliteen arteko akordio oro (hirugarren bide faltsua).
Eskoziako erreferendumak -halaxe azaldu digute adiskide eskoziarrek- demokrazia berpiztu du, eta eztabaida politikoari bizi berri bat eman dio, bizitza publikotik aldenduta zegoen gizartearen zati bat ere aktibatzea lortu duelarik. Erreferendumak herritarren eskuetan jarri du beren bizitzari buruz erabakitzeko aukera. Egia da ezezkoa nagusitu dela, baina prozesua ez da amaitu. SNPko ordezkari batek esan zigunez, baiezkoak galdu zuen “ez genuelako asmatu nazionalista eskoziarrei azaltzen pentsioak nola ordainduko ziren”. Gogoeta honek agerian uzten du gizarte-ereduak prozesuan duen garrantzia, identitatearen eta auzi demokratikoaren ondoan. Neoliberalismoak ez du jendea erakartzen.
Estatu batek sistemaz edozein irtenbide ukatzen duenean eta legea -bere legea- eta auzitegi partzialak horma gisa erabiltzen dituenean, bertan herri baten helburu zilegiak tupust egin dezaten, desobedientzia zibil eta demokratikoa aintzat hartzeko bide bihurtzen da. Hala izan da historian zehar. Herri bakoitzari dagokio erabakitzea bere jendartea, tutela interesaturik gabe, noiz ailegatu den bide horri jarraitzeko heldutasunera. Bide hori ez da erraza, baina Estatu espainiarrean ez dago besterik. Kataluniak muturreko erdeinua jasan du, eta prest dagoela dio. Badaki lege espainiarraren muga onartzeak prozesua goitik behera eragotziko lukeela. Euskal Herrian Estatutu Politikoarekin Kataluniako antzeko zerbait gertatu zen. Alabaina, elite politikoak -egia da ere aliantzak finkatzeko egoera oso desberdinean zegoela-, kontrola galtzeko beldurrez, erabaki zuen pedagogia politikorik ez egitea, jendartea ez mobilizatzea eta proiektua tiradera batean sartu zuen.
Orain elite horrek Estatuarekiko aldebiko harremana proposatzen du; horrek ez dauka ez hanka ez bururik. Galdetu, bestela, Artur Masi! Espainiarekin ez dago akordiorik iristeko aukera bat ere. PSOEko presidente den Susana Diazek herri katalanaren erabakitzeko eskubideaz honakoa zioen: “Ezin diegu aitortu nazio bat direnik; jatorrizko eskubideak dituztela esatea litzateke, eta halakoak soilik Espainiak ditu”. Ez omen dira nazionalistak... Gizartea eraldatzeko aukera bakarra erakundeek ematen dutela esaten dutenek ez dute prozesu soberanista batean sinesten. Estatutu Politikoak porrot egin zuen Estatuari bide demokratikotik aurre egiteko ez zegoelako benetako borondate politikorik, eta ez zelako bera bultzatzeko mobilizazio sozialik izan. Mobilizazioa izaten denean, defizit demokratikoa duten gurearen moduko gizarteetan elite politiko -eta ekonomiko- bat agertzen da, zeinak bere estatusa defenditzen duen, eta prozesu politiko, sozial eta ekonomikoak gidatzen jarraitu nahi duen; elite horrek mesfidantzaz -eta are, mespretxuz- juzkatzen du jendartearen mobilizazio eta parte hartzea.
Beraz, alde handia dago Kataluniarekiko. Handiegia, behar bada. Distantzia hori ez da murrizten mobilizazioak bata bestearen gainean pilatuta. Garai berriak bizi ditugu, eta letra larriz idatzitako politika behar dugu; garaiok lidergo ausartak eskatzen dituzte. Gure ustez, benetan ari bagara, mobilizazioak prozesu baten baitan ulertu behar dira; kalean topo egin eta biharamonean Euskal Herria nazio bat dela diogunon artean agenda partekatu bat izatea.