EUDELi exijitu dio ELAk Udalhitzaren mahaian eman daitezkeen akordioak betetzea bermatu dezala
EUDELek helarazitako proposamenaren aurrean, eta berau aztertu ondoren, ELAk, argi utzi zuen edukietaz hitz egiten hasi aurretik bi aldeok sinaturiko azken Udalhitz hitzarmenarekin gertatutakoa ikusita, ezinbestekoa den gai bati heldu behar diogula: Akordioak aplikatzeko eta berauek bere osotasunean betetzeko bermeak.
Horregatik, edukietaz hitz egiten hasi aurretik, balizko Udalhitz akordioaren edo mahai horretan eman daitezkeen akordioen aplikazioa bermatuko lukeen testu bat eskatu zion EUDELi.
ELAk, bileran zeuden beste sindikatuei galdegin zien EUDELek aurkezturiko bermeen testua nahikoa iruditzen zitzaien eta ea ontzat jotzen zuten eta benetan prest zeuden baldintza hauetan negoziazioari ekiteko.
Gure harridurarako, eta oinarrian, ELAk esandakoarekin ados daudela esan bazuten ere, edukietaz negoziatzen jarraitu nahi izan dute, nahiz eta jakin balizko akordioa udal askotan ez den aplikatuko, EUDELek berak mahaian esan duen bezala.
Egoera hau ikusirik, ELAk (mahaian %54eko ordezkaritza dauka) mahaitik altxatzea erabaki zuen, EUDELek berak ordezkatzen dituen udaletxeetan balizko akordioak aplikatuko direla bermatuko lukeen testu bat ekarri arte.
Azken urte hauetan, EUDELek Madrildik ezarritako murrizketak betetzeko gomendioak egiten zituen bitartean, udaletxe askok ez dute berdina egin: Lanaldian, ezintasunetan, ordu sindikaletan, soldata taulatan... EUDELetik at, akordio andana egin ditugu. Adibide gisa: Udal eta Foru adminsitrazioko langileen %60 inguruk, kendutako aparteko ordainsariaren zenbatekoak kobratuta dauzka jada.
Horregatik, ELArentzako, gaur gaurkoz, murrizketei buelta emateko, enplegua defendatzeko eta akordioen aplikazioa bermatzeko negoziazio eremu eraginkarrena, hurbileneko eremua da. Udaletxez udaletxeko negoziazioa.