Gizarte Elkarrizketaren Mahaiak Nafarroan UGT eta CCOO sindikatuen finantzaketaren beharrak agerian uzten ditu

2014/10/06
ELAri lotsa gutxikoa iruditu zaio UGTk eta CCOOek Barcinari emandako sostengua. CCOOen eta UGTren gaurko agerraldia bat dator, tamalez, hainbat urtetatik hona eraman duten ibilbidearekin: murrizketa-politikei sostengua ematearen eta isiltasun lagunkoia gordetzearen trukean biziraupena ziurtatzea herri-funtsen kontura. Ez dute deus ere erran, adibidez, CANen bipiltzeari buruz. Arinkeria hutsa da erratea gizartearen onerako dela, baldin eta UGT, CCOO eta CEN badira milioika euroren kudeaketa elkarren artean banatzen dutenak.

Ez da batere zehatza erratea “hazkundeari bultzada” ematen zaiola, baldin eta gobernuak betiko temak izaten jarraitzen badu (2015erako, adosturik dago Rajoyrekin %1,7tik 0,7ra jaistea, zorra ordaintzeari lehentasuna ematea, eta zerga-politika bidegabeari eustea —UPNk okertuko duela iragarri du—).

ELAk hurrengo puntu hauek azpimarratzen ditu:

Enplegu-plan guztien porrota. Onetsi diren neurrien antzeko bertze batzuk alferrikakoak izan dira orain arte (hala zioen Comptos Ganberak enplegu-planei buruz).

Elkarrizketa Mahaiak, orain iraunkorra izena ere daramanak, 1995. urteaz geroztik ibili da jardunean, eta ez du eragotzi langabeziaren igoera, ezta lan- edo gizarte-prekarietatea (ikus Caritasen Txostena, pobrezia-mailei buruzkoa), ez eta soldaten beherakadan Nafarroa Estatuko lehena izatea ere.

Sinatzaileek aitortu ez duten helburua, horrelako politikei eusteaz gain, finantzabideak diru publikoaz ziurtatzea da. Finantzaketaren behar horrek agerian uzten ditu egiturazko menpekotasuna eta autonomia falta, azken 40 urteotan pairatu dugun politikarik antisozialenari eta alde bakarrekoenari aurre egin ahal izateko. Finantzaketa publikoa, halaber, argigarria da arestian agertzen ari diren ustelkeria-kasuak ulertzeko. ELAren ustez, diru publikoarekiko egiturazko menpekotasuna sindikalismoaren amaiera da. Elkarrizketa Sozialeko Mahai horrek eragiteko ahalmena duelako mezua bidaltzea iritzi publikoari aldrebeskeria galanta da.

ELAk eskatzen du diru publikoa xahutzeari uzteko, eta enpleguaren eta justizia sozialaren aldeko politikak ezartzeko.

ELAk jakitera ematen du, gainera, aldaketa politiko eta soziala Nafarroatik bultzatzen dugunontzat, aldaketa hori gertatu ahal izateko, sistema-eredua sakon berraztertu behar dela, eta antolakunde horietako eliteak sistema horretako funtsezko partaide direla.