Gizarte-eztabaida piztea ez da nahikoa esklabutza obra publikotik ezabatzeko

2013/10/22
ELAk bilerak egiteko eskatu die hainbat erakundetako alderdi politikoei, hurrengo ekimen hau hedatze aldera: Hego Euskal Herriko obra publiko guztietako baldintza-orrietan lurralde-hitzarmenak eta segurtasun-arauak nahitaez bete behar izatea.

ELA urtetan egon da obra-tokian, langileen ondoan, irregulartasunak bertatik bertara ikusteko; gainera, eskudun administrazioetan salaketa ugari aurkeztu dugu, eta politikariei erantzukizuna eskatu diegu gaitz gorrotagarri horregatik. Baina orain gizarte-eztabaidak berak behartzen ditu alderdi politikoak jendaurreko jarrera bat hartzera, diru publikoaz ordaintzen diren obretan gertatzen diren esklabutza-egoerak direla-eta.

Horren haritik orain dela bi aste jendaurreko agerraldi bat egin genuen, arazoak eta haien ondorioak zehazteko, eta konponbide-aukerak proposatzeko. Ordutik hona hainbat eztabaida sortu dira; dena dela, konponbidearen helmuga baino, abiapuntua izan behar dira.

Eztabaida horien emaitzak askotarikoak izan dira:

  • Bizkaiko Batzar Nagusietan PNVren jarrerak kanpo utzi du konponbidea sakonean eztabaidatzeko aukera.

  • Arabako Biltzar Nagusietan, PPren ezezko bakarrarekin, aztertzeko onartu da Bilduren proposamena, Gipuzkoan uztailaren 9an onetsi den foru arauaren antzeko bat ematekoa.

  • Eusko Legebiltzarrean zenbait proposamen orokorren artetik zehaztapenik gabeko mozio bat onetsi da, arazoari aurre egiteko.

  • Gipuzkoako Biltzar Nagusietan eztabaida eginda dago, eta horren ondorioz foru arau bat onetsi zen, ELAk bultzatu zuena, oso tresna ona izan daitekeena, baldin eta kontrol- eta jarraipen-mekanismoak atxikitzen bazaizkio.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu Juan Mari Aburtoren adierazpenak geure egiten ditugu, hauxe onartu baitu: “obra publikoetan esklabutza-baldintzak egon litezke". Arazoa badagoela onartzea ez da nahikoa, baina ezinbesteko lehen pausoa bada, herri honetako obra publikoak esleitzen dituzten erakundeen erantzukizunak onartuz joateko.

Alderdi politiko bakoitzaren jarrerak desberdinak izan dira zein erakundetan izan den arabera. Hemendik premiatzen ditugu alderdi politikoak arazoaren garrantziaz jabetzera; eta haien esanetara jartzen gara konponbide bila elkarrekin ibiltzeko. Konponbideak, bestalde, ez dira zailak; baldin eta horretarako borondaterik badago.

Ez dago bidezidorrik. Erakundeak azken erantzuleak dira esleitzen dituzten obra guztiengatik. Egiteagatik edo ez-egiteagatik beren erantzukizuna da lan-legeriarik oinarrizkoena betetzen ez bada, lan-arriskuen prebentzio legea edo hitzarmen kolektiboak alde batera uzten badira, eta lan-erreforma zorrozki betetzen bada.

Eztabaida hori pizteko, tamalez, heriozko lan-istripuak gertatu arte itxaron behar izan dugu, prekarietate gorriaren ondorioz gertatu direnak, hain zuzen. Konponbideak lehenago bilatu behar dira, eta horretan saiatu behar gara.

Horretarako, ELAk bilerak egiteko eskatu die hainbat erakundetako alderdi politikoei, hurrengo ekimen hau hedatze aldera: Hego Euskal Herriko obra publiko guztietako baldintza-orrietan lurralde-hitzarmenak eta segurtasun-arauak nahitaez bete behar izatea.

Gure proposamenak hiru puntu nagusi ditu:

  • Baldintza-orrietan eginbehar bat gehiago sartzea: hitzarmen kolektiboak eta indarrean dauden gainerako legeak bete behar izatea.

  • Aurreko puntua betetzen ez duten enpresei zigor zentzagarria ezartzea.

  • Obra-tokian arretaz zaintzea ea esandakoa betetzen den.

Erraza dirudi, baina ez dator bat obrak mauka-prezioan esleitzearekin. Esleipen-prezioak merkatzea eta mota guztietako ez-betetzeak eskutik datoz.

Erakundeek ezin dute pentsatu gure lana beren lanaren hutsuneak betetzea denik. Gipuzkoan onetsi den foru araua onbidetik emandako aurrerapauso nabarmena dela onartu dugu, baina gero etsigarria izan da ikustea hurrengo pausoa zein hutsala izan den: telefono eta e-posta bat jartzea, prekarietatea salatzeko. Gainera, albiste hori lau haizeetara iragarri da ordezkari sindikalen aurrean; eszenan jartze horrek pentsarazten digu propaganda hutsa dela, eta ardurak partekatuz norberaren erantzukizunak barreiatu nahi direla.

Orain dela egun gutxi, Juan Mari Aburtok, Zorrotzaurre eraikitzeko, 1.800 lanpostu sortuko zirela iragarri zuen. Baina zelako lanpostuak sortuko dira? Beste esklabutza-esparru bat izango ote da?

Premiazkoa da konponbideak ezartzea. Obretan beretan lana modu duin batez egiten dela ikusi arte ez gara lasai geratuko, ez dugu pentsatuko egindakoa asebetegarria dela. Baldintza-orriak egiten diren unetik beretik izan behar ditugu kontrolatzeko tresna egokiak. Erakundeek benetako jarraipenak egin behar dituzte obra-tokian bertan, eta zehapen gogorrak ezarri behar dizkiete arau-hausleei. Tamalez gaurko egunean erakunde guztietako obra publiko ia guztietan ez-betetzeak ohiko jokabidea da.

Piztutako eztabaidaren ondorioz benetako konponbideak lortzea da gure helburua. Baina obra publikoak mauka-prezioan esleitzen jarraituz gero, helburu hori eskuraezina izango da.

ELA obra-tokian egongo da, zapaldutako langile bakoitzaren ondoan, eta erakundeei begira, ekintza onuragarriak txalotzen, eta obra publikoko zapalkuntzak salatzen.