Greba irailaren 15, 17, 22 eta 24an ITP-Zamudion, lantegiaren etorkizuna hemen negozia dadin

2020/09/10
ELAk ITP-Zamudion duen atal sindikalak greba deitu du irailaren 15, 17, 22 eta 24rako, zuzendaritza Zamudion negoziazio mahai bat irekitzera behartzeko, lantegiaren etorkizuna erabakitzeko. Multinazionalak lan-erregulazioko txostena aurkeztu zuen Estatuan dituen hiru lantegietarako, eta negoziazioa mahai bakar batean egitea nahi du, Madrilen. ELAk, hala ere, ez ditu kaleratzeak onartzen, ezta Zamudioko langileen etorkizuna euren interesak ordezkatuta ez dauden mahai batean erabakitzea ere.

Hori dela eta, aste honetan elkarretaratzeak egiten ari dira enpresaren instalazioen aurrean. Mobilizazioak areagotuko dituzte, eta besteak beste, larunbatean, 12:00etan, manifestazioa egingo dute Bilbon, erakundeen inplikazioa eskatzeko. Horri, irailaren 15, 17, 22 eta 24ko greba egunak gehitu behar zaizkio.

ELAk lanuztearekin bat egiteko eskatu die Zamudioko langileei, eta larunbateko manifestaziora joateko deia egin dio euskal gizarteari. "Guztion artean enpresa geldiarazi ahal izango dugu", adierazi du.