Kaleratzeak Gasteizko ECN Cable Group-en

2014/10/31
Estatu Batuetako GENERAL CABLE multinazionalak (lehengo ECN) urriaren 30ean jakinarazi du Gasteizko lantegia itxiko duela, eta horrekin batera dituen 150 langileak kaleratuko dituela. Horrela hilko dute enpresa bideragarri bat, diru-arazorik ez duena. Oraingo honetan ere agerian geratzen dira lan-erreformaren abantailak, enpresei eman dizkienak, etekinak ugaltzeko, gure eskubideen eta lanpostuen kontura.

Enpresak emandako lehen argibideak ikusi ondoren, ELA sindikatuak ohartarazten du ez duela ontzat emango Gasteizko lantegia ixtea, eta langile horiek guztiak kalera bidaltzea.

ELAn sinetsita gaude hemendik aurrera prozesu gogorra izango dugula, eta egoera horretan erabakigarriak izango dira gure indarra, adorea eta ausardia.

Horregatik ELAtik gure eskueran dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu Gasteizko lantegiko lanpostu guztiak iraunarazteko.

Eta Eusko Jaurlaritzari jendaurrean eskatzen diogu jarrera bat hartzeko, gertaera horrekiko, eta Gasteizko ECN lantegiko enpleguari eusten laguntzeko.

Gure hiria eta herrialdea hondatzen duten langabeziaz omen duten kezka sarri-sarri plazaratzen dute, eta dagoeneko etsita gaude. Oraintxe dute aukera paregabea, hitz hutsalak ez direla frogatzeko.