negoziazio kolektiboa
Langileen garaipena da Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herrian negoziatutako hitzarmenei lehentasuna eman izana

Espainiako Gobernuak onartutako dekretuaren arabera, Hego Euskal Herriko hitzarmenek lehentasuna izango dute Estatuko hitzarmenen aurrean. ELAren ustez, erabaki hori urteetan euskal langileek egindako borroken ondorioa da. Dekretua bihartik aurrera indarrean izango da eta Espainiako Kongresuan berretsiko balitz, Hego Euskal Herriko langileei aukera emango die Espainiako sindikatu eta patronalek adosten dituzten hitzarmenak hobetzeko.
Euskal Herrian sinatutako hitzarmenen lehentasuna beste gaiekin dekretu berean ez nahastea eskatu zuen ELAk, eta zoritxarrez, oraingoan ere Espainiako Gobernuak Dekretu berean arautu nahi ditu hitzarmenen lehentasuna eta langabeziaren ordainsariak. Gogora dezagun abenduan ez zela hitzarmenen lehetasuna onartu langabezia sarien murrizketa baten ondorioz. Horregatik, orain ELAk balorazioa osoa egiteko ezinbestekoa da langabeziaren arauketa berriaren ondorioak aztertzea. Ildo horretan, ELAk espero du ez dela murrizketarik izango eta, euskal langileen hitzarmenen lehentasunaren truke ez dela murrizketarik onartu beharko.
Bestetik, oroitarazi behar da honako adibide hau: jantoki kolektiboen alorrean, CCOO eta UGT sindikatuek eta Espainiako patronalak Hego Euskal Herriko milaka langileren soldatak %50 murriztu eta lanaldia 70 ordutan handitzen saiatu ziren estatuko hitzarmenen bidez, gehienak emakume langileak diren sektorean.
2022ko lan erreformari aurre egiteko ELAk bi arrazoi nagusi izan zituen. Batetik, Espainiako Gobernuak 2012ko lan erreformaren elementu kaltegarrienak mantendu zituen, bereziki kaleratzeekin lotutakoak. Eta, bigarrenik, Espainiako Gobernuak uko egin zion Euskal Herriko langileek beren hitzarmenak negoziatzeko eskubidea bermatzeari. ELAk orain bi urte bere prestutasuna azaldu zuen lan erreforma horren aurrean greba orokorra deitzeko. Gaurko erabakia ez dago ulertzerik orduko jarrerarik gabe.
ELAren ustez, azpimarratzeakoa da EAJk gai honetan euskal langileen aldarrikapenei entzun izana eta Espainiako Gobernuarekin izandako negoziaketetan Euskal Herriko langileen lan baldintzei lehentasuna eman izana. ELAk gogora ekarri nahi du 2011n, Zapatero gobernuan zela, Estatuko hitzarmenei lehentasuna eman zitzaiela eta gaurko akordioaren ondoren, 2017an ELAk Confebaskekin adostutako EAEko Lanbidearteko Akordioari segurtasun juridikoa emango diola.
Hego Euskal Herrian ELAk sinatzen dituen hitzarmenak estatuko hitzarmenak baino hobeak dira eta gaurko akordioak hitzarmen horiei erabateko berme juridikoa emango die. Dekretuaren eduki guztiak aztertzearen esperoan, ELAk anpatu nahi du lan arloaren erabakitze esparrua egikaritu dela langileen mobiliazioari esker.