Lanuzteak Basauriko Gerdau-n (Sidenor)

2013/05/06
Lanuzteak maiatzaren 6, 11, 13 eta 18an izango dira; baina enpresak bere jarrera nabarmen aldatzen ez badu, egun gehiagotan errepikatuko dira. ELAk joan den astean izandako kaleratzeak salatu ditu eta hitzarmen duin eskatu du.

Gaur, maiatzak 6, hasiko dira lanuzteak Gerdau-ren Basauriko lantegian (lehengo Sidenor), joan den astean izandako kaleratzeak direla-eta, eta hitzarmen duin baten negoziazioa dela-eta. Esparru-akordioaren negoziazioa ito-puntuan dago; izan ere, enpresak lanaldia luzatu, soldatak murriztu, eta lan-erreformaren puntu guztiak sartu nahi ditu hitzarmenean.

Gainera, bi langile diziplina-prozeduraz kaleratu dituzte martxoan, eta beste bi urte hasieran. Bestalde, txanda-kontratua amaitzen zaien langileak ere kanpora joaten dira, txanda-kontratuen akordio berri bat eginda badago ere; baina Zuzendaritza akordio horretaz baliatzen ari da hitzarmenaren negoziazioan xantaia egiteko.

ELAren ustez, jarduketa horiek argiro erakusten dute krisiari atarramendua atera nahi diola enpresak. Iaz, 2012. urtean, 17 milioi eurotik gorako etekinak lortu dituen enpresa berak 200 lanpostu suntsitu ditu Basaurin, eta plantilla azkenean biziki gogaitu da.

ELAtik dei egiten diegu lantegiko sindikatu guztiei huts ez egiteko plantillaren erabakiei, hitzarmen duin bat lortzeko baitira. Halaber, enpresaren jokabidea ikusita, dei egiten diegu esparru-akordioaren eraginpeko gainerako lantegiei mobilizazioekin bat egiteko.

Lanuzteak maiatzaren 6, 11, 13 eta 18an izango dira; baina enpresak bere jarrera nabarmen aldatzen ez badu, egun gehiagotan errepikatuko dira.