Mitxel Lakuntza: "Madrilen EAJri eta EH Bilduri presioa egitea dagokigunean, ez dugu ulertzen LABek greba orokorrari uko egin izana"

2021/12/09
"Lan erreforma eta Euskal Herriko hitzarmenen lehentasuna daude jokoan", ohartarazi du ELAko idazkari nagusiak Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Horregatik, LABek greba orokorraren deialdiari uko egitearen iragarpenaren aurrean, ELAren aldeko jarrerari eutsi dio Lakuntzak: "Akatsa iruditzen zaigu, orain Madrilen dauden euskal alderdiak, EAJ eta EH Bildu, presionatzea dagokigulako. Euren botoak erabakigarriak dira". Horregatik, "ez dugu ulertzen horrelako une batean, presioa areagotzea dagokigunean, LABek deialdiari uko egin izana".

Era berean, deitoratu egin du deialdiaren kudeaketa: "LABek bere kabuz iragarri zuen deialdi hori maiatzean, eta orain berak bakarrik iragarri du uko egiten diola". Era berean, kritiko agertu da CCOOrekin eta UGTrekin, lan erreforma Madrilen negoziatzen ari diren moduarekin: "Patronala ez da indargabetzeare alde agertuko. Ez da indargabetuko. CCOOk, UGTk eta CEOEk aldaketak baino ez dituzte jada aipatzen".

EH Bilduren eta EAJren aurrekontuen akordioari dagokionez, jeltzaileen "garaipena" izan dela dio Lakuntzak, "EH Bilduk EAJren eredu ekonomiko eta soziala onartu duelako". Bere ustez, EH Bilduk uko egin dio ezkerreko oposizioa izateari, eta EAJk "ahalik eta gutxien inbertitzen duten aurrekontuen alde egiten jarraitzen du". Horren adibide da osasun sisteman eta lehen mailako arretan bizi den saturazioa eta Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurriak. "Lakuak ez du nahikoa baliabide ematen pandemiari eta haren egiturazko beharrei erantzuteko».

Elkarrizketa osoa hemen:
https://www.eitb.eus/es/noticias/economia/detalle/8506381/ela-considera-incomprensible-renuncia-de-lab-a-huelga-general-hay-que-seguir-presionando/