Mutualitateei buruzko lege aurreproiektua osasun sistema publikoaren kontrako beste urrats larri bat da

2013/12/30
ELAk erabat gaitzetsi nahi du abenduaren 20an espainiar Ministro Kontseiluak onartutako Gizarte Segurantzako Mutualitateei buruzko Lege Aurreproiektua, erakundeoi botere gehiago ematen dielako eta osasun sistema publikoaren pribatizazioan beste urrats bat gauzatzen duelako.

Lehenik eta behin, Lege Aurreproiektuak proposatzen duen izen aldaketa salatu beharra dago. Izan ere, hemendik aurrera lehen “Lan-istripu eta -gaixotasun Mutualitateak” zirenak, “Gizarte Segurantzako Mutualitateak” izango dira. Hau ez da izen aldaketa soil bat, haratago doa, eta Aurreproiektuaren helburua bera azaltzen du: gero eta gehiago Mutualitateen jarduera-eremua gertakizun arruntetara ere zabaltzea, gaixotasun edo istripu arruntetara, alegia.

Hala da; 90eko hamarkadaren erdialdetik hona Gobernu desberdinek legedi berria ezarri dute osasun publikoa pribatizatu eta langileon osasun arreta enpresen eskuetan jartzeko helburuarekin. Proiektu berri hau pribatizazioan amaitzen den ibilbidean beste urrats bat da.

Helburu honekin, eta lanera ez agertzea kontrolatu nahian, aipatutako Aurreproiektuan ondorengo neurriak jasotzen dira, besteak beste: 

  • Mutualitateek aldi baterako ezintasunetan lehenengo egunetik aurrera esku har dezakete.

  • Mutualitateak alta-agiria proposatzeko aukera izango du. Proposamen hau Osakidetza edo Osasunbideako medikuari bidaliko zaio, Osasun Ikuskaritza Publikoaren bitartez.

  • Osasun Ikuskaritzak 5 egunetako epea izango du Mutualitateari jakinarazteko alta-agiri proposamena onartzen duen ala ez.

  • Epe honetan ez badio Mutualitateari aldi baterako ezintasun egoera baieztatzen, osasun alta-agiri proposamena onartutzat joko da eta alta-proposamena jakinarazi den hurrengo egunetik aurrera izango du eragina. Hau da, alta-proposamena jakinarazi eta biharamunean langilea lanera itzuli beharko da.

Aurreproiektu honek langileak babesik gabe uzten ditu Mutualitateen erabakien aurrean. Jakina da gainera Mutualitateek dirua aurrezteari lehentasuna ematen diotela, eta osasunaren babesa bigarren mailan geratzen dela beren jardunean. Era berean, familiako medikuen erabakitze ahalmena ere murriztu egiten du, osasun-sistema publikoko langileen profesionaltasuna auzitan jarriz.

Guzti honengatik, ELAk erabat arbuiatzen du erreforma berri hau eta bertan behera uzteko eskatzen du. Gai hau negoziazio kolektiboan sartzearen beharra ere ezpimarratzen du beste behin, gertakizun arrunten kudeaketa osasun-sistema publikoan mantentzeko, edo bertara itzultzeko.