Negoziazio kolektiboari buruzko jardunaldia Gasteizen

2007/11/09
ELAk negoziazio kolektiboari buruzko ekitaldia egin du azaroaren 9an Gasteizeko Ogeta pilotalekuan. Jardunaldiaren leloa “Geurea, geuretzat. Repartir la riqueza. Gure esku dago” izan da. Ekitaldiaren helburua datorren urteko negoziazio kolektiboa prestatzen hastea izan da.

Jardunaldia goizeko 10:00tan hasiko da, eta idazkari nagusi Jose Elorrietaz eta negoziazio kolektiboko arduradun Joseba Villarealez gain, Hainbat, Zerbitzuak, Metala eta Gizalan federazioetako idazkari nagusiek hitz egingo dute; Gurutz Gorraiz, Unai Martinez, Dani Gomez eta Izaskun Garikano, hurrenez hurren.

ELAk argi du 2008ko negoziazio kolektiboari begira helburu nagusiak prekarietatearen eta diskriminazioaren aurkako borrokak direla, noski, nabarmen KPIaren gainetik dauden soldata igoerak eta lanaldiaren murrizketa ahaztu gabe. Guztira sindikatu honen 2000 delegatu inguruk hartuko dute parte.

Jose Elorrietak azpimarratu du "enpresarien irabazi itzelek argi uzten digute aldarrikatzeko tartea badagoela. Ez ditugu onartuko KPIaren mugan dauden soldata igoerak. Badago zer hobetu langileen lan baldintzatan, eta hobetzeko aukerak ere badaude. Aberastasunaren banaketa justuago bat eskatzen dugu".

Bere aldetik, Joseba Villarealek adierazi du langileek aberastasunaren banaketa zuzen eta bidezkoago bat lortzeko duten tresna bakarra negoziazio kolektiboa dela. Bere ustez ez dago beste biderik. “Aberastasunen banaketa, lan osasuna, lanaldiaren murrizketa, prekarietatearen amaiera… Horrelako gauzak ez ditugu elkarrizketa sozialarekin lortuko, borrokarekin baizik. Konfrontaziorako ahalmenik gabe ez dago benetako negoziazio kolektiborik. Patronalak gatazkarako gai garela nabaritu behar du. Gero gatazkara iritsiko gara… ala ez, baina gaitasuna garbi utzi behar dugu".