2002/09/24

Astelehen gauean Basurtun ETAko bi kide hil ziren, antza denez atentatu bat egiteko zeramaten lehergailuak eztanda egitean. Astearte eguerdian, berriz, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan pankarta batek ezkutatutako bonbaren leherketak Goardia Zibileko kide bat hil du eta zauriak eragin dizkie beste hiruri. Bi gertakariok heriotzak, samina, inoiz beteko ez den hutsunea familia batzutan, edota maite duten norbait non den ez jakiteak eragiten duen zalantza larria ekarri dituzte.

Gertakari izugarrion erantzukizuna ETAri dagokio, bistan da, eta berriro eurei galdegiten diegu bere baitan itxia den estrategia berrikus dezatela, oinarritzat beste inoren eta norberaren heriotza hartzen duen estrategia.

Baina era berean, ELAk ez du onartzen gobernu espainolaren diskurtso eta jokabide belizista, beronek antiterrorismoaren aitzakiaz boterearen esku dauden bitartekoak gehiegikeriaz erabiltzen baititu irtenbide demokratikoa eragotzi eta euskal gizartea nahiz erakundeak bere menpean jartzeko asmoz.

ELAk, gizarte honetako gehiengoarekin batera, arduraz eta sen demokratikoz jokatzea eskatzen du, euskal gatazka konponbidean jarri ahal dadin. Halaber, ELAk saminaren erabilpen politikoa eta etekinak lortzeko joera amai dadila galdegiten du.

2002ko irailaren 24an
Prentsa bulegoa