2002/10/04

Lehendakariaren proposamenak eragindako lurrikara baretu ahala, badirudi gauzak apurka-apurka argitzen doazela. Ibarretxe beraren azalpenek ere erakusten digute bere buruari eta gizarteari proposatzen dion ibilbidearen ondorengo eskenategiak itzal bat baino gehiago duela, eta edozein kasutan ere, ez dela bihar bertan gauzatuko.

Lehendakariak batzuk eta besteek ezarri nahi zioten itomen egoeratik irtetea lortu du bere proposamenarekin, batzuei eta besteei botatzen dien erronkarekin irten ere. Garbi dago estatuko alderdi eta botereak nahiz ezker abertzaleko ordezkaritza politikoa jokoz kanpo eta deskalifikazio hutsa beste erantzunik gabe utzi dituela Ibarretxek, eta ziurrenik ez zuen besterik espero.

Inork erronkari eusten ez diolarik, Lehendakariak eskuak libre ditu bere proposamena kudeatu eta, berak gustoko duen moduan, gizarteari aurkeztu eta honengandik jasotako iradokizunaekin apaintzen joateko.

Bilakaera hau ez da, noski, aukera bakarra; beste aukera bat, askoz ere aberatsagoa, indar soberanistak, enbidoari eutsirik, gatazka konpontzeko eta burujabetza eraikitzeko egitasmoan lanean hastea litzateke. Ez dirudi ezker abertzaleak horrelakorik buruan duenik, edota egungo egoeran horretarako gauza denik; hori horrela den bitartean Lehendakariak aukera guztiak izango ditu bere proposamenaren edukiak, erritmoak eta mugak nahierara kudeatzen joateko.