2003/01/27

Hauteskunde sindikaletako datuak ekarri ditugu Astekariaren orrialdeotara. Berez indarrean etengabeko zenbatze prozesua badago ere –ordezkariak hautatu eta lau urteko epealdia betetzen denean berritzen dira–, 2002ko azken hiruhilekoan EAEn enpresa eta lantoki asko eta askotan egin ziren hauteskundeak, lehengo sistemaren ondorioz garai hortan pilatu egin baitira bozketak. Bestetik, Nafarroan hautatu den kopurua gutxiago izanagatik, hiru enpresatik batean langileek ordezkari berriak aukeratu dituzte.
Ondorioz, une egokia dugu hau langileen ordezkaritza zertan den jakiteko, sindikatuen lanak eta ildo estrategikoak zenbaterainoko oihartzuna izan duten ezagutzeko. Lehenagotik nagusi izanik, ELAk azken aldian negoziazio kolektiboan eta ekintza sindikalean jorratu duen ildoak are langile gehiagoren baiezko erantzuna eta adostauna izan du: Hego Euskal Herrian inoiz izan duen mailarik altuenera iritsi da, %36,28ra alegia (Nafarroako %20,5a eta EAEko %41,35a, biak dira marka historikoak), 8.518 ordezkarirekin.
Interes jakinen mesedetan jarduten diren ahotsek behin eta berriz sindikatuen zilegitasuna eta ordezkaritza zalantzan jartzen badute ere, ezin ukatukoa da guztira honez gero ia 23.500 ordezkari hautatu diren prozesu honi eta bere protagonistei errespetua zor zaiela. Areago, hauteskundeen emaitzak inork zalantzan jartzen ez dituenean.
Sindikatuok ez gara Euskal Herriko lantegi gehienetara ordaindutako propaganda kanpainei esker iristen, ez daukagu alderdi politikoek edo beste erakunde batzuk duten bitartekorik, eta gure lana beste biderik ez dugu langileengana heltzeko. Legitimitatea irabazi egin dugu.