Patronalak berriro erakutsi du negoziazio kolektiborik ez duela nahi
Hitzarmenen inaplikazioari buruz erabakitzen duen ORPRICCE batzordean salbuespen bat egiteko beste eskari bat sartu da, UTE EMERGENCIAS GIPUZKOA anbulantzia enpresarena; honek baimena eskatzen du hitzarmen sektoriala ez aplikatzeko.
Beste behin ere euskal patronalak erakutsi du negoziazioa ez duela nahi, ukatu egiten duela; Rajoyren erreformaren muturreko erabilera baten bidez erabaki du arbitro batek ordezka ditzala negoziatzen duten alderdiak, hauen artean adostutako hitzarmen bat ez dela aplikatuko ebazpena har dezan. Aspaldidanik esan dugu enpresarioek ez dutela ezer negoziatu beharrik; erreformak eskatzen zuten guztia eman diela, eta beren helburuak gauzatzeko, hots, lan-baldintzak okertu eta defentsa kolektiboa ahultzeko, tresnak aukeran dituztela.
Kasu honetan, gainera, UTE EMERGENCIAS GIPUZKOAk dio ezin dituela hitzarmen sektorialean alderdi biek adostutako baldintzak bete. Halere, gogoratu beharra dago enpresa honi zerbitzu publiko bat eskaintzeko lana eman zaiola, baldintza-agiri baten arabera. Ondorioz, bi aukera daude: ezarritako baldintzak ez ziren nahikoak zerbitzua behar bezala emateko, edota enpresak bere emaitzak langileen lepotik hobetu nahi ditu. Onartezina da diru publikoz babestea lan-baldintzak prekarizatu eta enpresen etekinak gizentzeko honelako operazioak. Eskandalua litzateke enpresaren eskaria aintzat hartzea.
ELAk berretsi egiten du negoziazio kolektiboarekiko eta langileen baldintzak defenditzeko bere konpromisoa, eta dei egiten dio Eusko Jaurlaritzari behingoz
1. Euskal patronalaren jokabideari mugak ezar diezaizkion.
2. Konpon ditzan esleipen publikoetan sarriegi gertatzen diren irregularitateak, kasu honetan bereziki anbulantzien sektorekoak.
3. Bultza dezan Eusko Legebiltzarrean ELAk aurkeztu eta 110.000tik gora herritarrek babestutako Herritar Legegintza Ekimenaren (HLE) onarpena. Izan ere, lege-ekimen honek enpresa batzuren gehiegikeriei galga jarri nahi die, eta herri-administrazioentzat azpikontratetan lan egiten duten milaka beharginen baldintzak bermatu.