Sanchez Galanen hitzek agerian uzten dute enpresen tirania
ELAk salatu du atzo Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak nabarmen adierazi zuela gobernuengandik espero duen obedientzia. Hori da Londresen esan zituenetatik ateratzen den ondorioa; Galanek bota zuenez, bere enpresa “areago da britainiarra, mexikarra edo estatubatuarra espainola baino”, eta Rajoyren politikaren kontra gogor jo zuen. Argi dago konpainia elektrikoaren burua ohituta dagoela gobernuekin biltzen, zer egin behar duten esateko. Ohituta dago botere ekonomikoak botere politikoaren gainean duen tiraniaz jokatzen, edo bestela esanda, demokraziaren aurka jarduten.
ELAk nabarmendu nahi du azken urteetako energia-politikari hainbat kritika egiteko modua dagoela:
-
Argindarraren prezioa izugarri hazi da, KPI baino askoz gehiago, baita Europan gure inguruko prezioen bilakaeraren aldean. Ondorioz, elektriken etekinak (Iberdrolarenak barne) itxuragabeak eta justifikaezinak dira. Hau familien bizkarretik gertatu da, eta hauen artean gero eta gehiago hedatu da pobrezia energetikoa (ordaindu ezinik, argindarra edo gasa ez kontsumitzea). Antza, honek ez du Sanchez Galan bat ere kezkatzen.
-
Energia-politika iturri berriztagarrien kaltetan egiten da, gehien kutsatzen duten energia-iturriei ematen baitie lehentasuna; honek aldaketa klimatikoa dakar, egun gizateriak duen kezkarik handienetakoa. Zertarako, eta Iberdrolaren gisako enpresa elektrikoek diru gehiago irabaz dezaten. Honekiko ere kexurik ez dauka Iberdrolako presidenteak.
-
Iberdrolak 2013an balantzeak eguneratzean truke 326 milioi euro ordaindu zuen Sozietaten gaineko Zergan, eta horren truke datozen urteetan 1.500 milioi gutxiago ordainduko du. Hau ezin da onartu. Harritzekoa da Sanchez Galanek esatea iaz zerga gehiago ordaindu zuela esatea, benetako zergatia azaldu gabe: etorkizunean aurreztuko duen dirutza.
Bestalde, ELAk xehetasun bati buruz ohartarazi nahi du: Iberdrolaren kontuak ezin dira hain gaizki egon, gastuak ordainduta kazetari talde handi bat Londresen egin duen propaganda ekitaldi batera gonbidatu baitu. Enpresa handien ohiko jokabidea dugu hau, beraiei buruzko iritzia publizitatearen xantaiaren pean baldintzatzea.