Sindikalismoa eta gatazka enpresetatik ateratzea nahi du Eusko Jaurlaritzak

2014/10/20
Sindikalismoa eta gatazka enpresetatik ateratzea nahi du Eusko Jaurlaritzak
ELAk Eusko Jaurlaritzak “elkarrizketa sozialari” buruz egin duen agiriaren balorazioa egin du. Botere publikoak sindikatuen jarduera mugatu eta, bide batez, gatazka enpresetatik ateratzea nahi duela salatu du ELAk. “Duela 40 urte atzera garamatza eta sindikatu bertikal berri baten aldeko apustua egiten du Jaurlaritzak”, adierazi du Adolfo Muñoz “Txiki”, sindikatuko idazkari nagusiak.

Adolfo Muñozekin batera arlo sozialeko arduradun Mikel Noval izan da Bilbon Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa sozialerako sindikatuen artean banatu duen txostena azaltzen. ELAko arduradunek esan dutenez Jaurlaritzak defenditzen duen harremanen eredua enpresen interesen mesederakoa da. Are gehiago, erreforma laboral ezberdinak, –eskubideak murriztu eta negoziazio kolektiboa txiki-txiki eginda utzi dituzten erreformak–, justifikatuta daude agiri honen arabera.

Jaurlaritzaren diskurtso faltsua salatu beharra dagoela azpimarratu du ELAk. Bere edukiak frogatzen duenez, benetako mamirik gabeko elkarrizketa soziala da helburua, eta bultzatzen duten lan harremanen ereduarekin Euskal Herrian pairatzen ari garen desberdintasun ekonomiko eta sozial hazkorra areagotu nahi dute.

ELAren aburuz, elkarrizketa soziala kiebra ekonomiko eta finantzarioa jota dagoen sindikalismo baten erreskate-plana da sindikatu batzuk honelako elkarrizketa sozialari babesa emateko arrazoi bakarra.