Sindikatu eta gizarte elkarteek politika publikoetan erabateko aldaketa exijituko dute Bilbon larunbat honetan
Mikel Noval, ELAko gizarte arloko arduradunaren hitzetan alternatiba politikorik izango ez balitz; beharbada, Lehendakaritza eta Eusko Jaurlaritza ere kendu beharko genuke.
"Beharrezkoa dena ez da bakarrik aurrekontua, gizarte-gastua igotzea ere da beharrezkoa, eta ez gutxitzea. Beharrezkoa da aurrekontu-politika norabidez zeharo aldatzea, zeren den-denok dakigu, Urkulluk ere bai, 1.132 milioi euroko murrizketa egitearen ondorioz (BPGaren %1'7aren parekoa) atzeraldia areagotuko dela, langabezia ugalduko dela, eta gizartearen pobrezia nahiz babes gabezia hedatuko direla. Beraz, beharrezkoa dena justu kontrakoa egitea da", azpimarratu du.
Bere esanetan onetsitako aurrekontuan ontzat eman da Eusko Jaurlaritzaren defizita Rajoyk finkatzea. Rajoyk autonomia-erkidegoetarako defizit-muga BPGaren %0’7 dela ezartzen badu, Urkulluk bere egiten du. Batetik esaten du eskumena baduela beste defizit-maila bat ezartzeko, baina gero ez du egiten. Bada alternatibarik: gai horri buruzko eskumena alde batera ez uztea, eta ez uztea Rajoyri Urkulluren defizita ezartzen.
"Aurrekontu-proiektuaren oinarriak EAEko ogasunek biltzen dituzten diru-sarreretan daude. Hemen gauden sindikatuok eta gizarte-elkarteok politika fiskala aldatzea esijitzen dugu. Nahi izatekotan, diru-sarrera handiagoak lortu daitezke, iruzur fiskalari aurre eginez, eta azken urteotan errenta handiei eta kapital-errentei egindako zerga-jaitsieretan atzera eginez. Nahi izatekotan hori egitea badago. Baina ogasunek daramaten politika fiskala ez dator bat, ezta hurrik eman ere, gizarte-beharrizanekin. Arlo horretan ere badago alternatibarik. Politika fiskala zeharo aldatzea eskatzen dugu", gaineratu du.
Novalen iritziz adarra jotzen ari direla eman arren, Eusko Jaurlaritzak, hain aurrekontu antisozialak onetsi eta biharamunean, jakinarazi zuen dirua aurreratzeko prest dagoela AHTaren Bizkaiko eta Arabako lanetarako. Ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren aldetik hain ondorio txarrak dakartzaten gastuetarako badago dirurik.
Egoera honetan, politikak aldatuko badira, gizarte-mobilizazioagatik izango dela, azaldu du. "Alternatibarik ez dagoela esaten digutenean gu isilaraztea nahi dute, gu geldirik geratzea".
Sindikatu eta gizarte elkarteek dei egin dio gizarteari datorren larunbateko manifestazioan parte hartzeko, “Enpleguaren eta gizarte-eskubideen alde, beste eredu sozial eta ekonomiko baten alde”, Bilbon, 17:30etan, Jesusen Bihotzaren plazatik abiatuko den manifestaziora.