UPNk eta PSNk diru-laguntza perbertsoak emanaz saritu dituzte UGT, CCOO eta CENen zerbitzuak

2015/03/13
Laguntza hauek frogatzen dute azken helburua UGT, CCOO eta CEN patronala erreskatatzea dela, Nafarroako Gobernuari esker bizi baitira. Erabaki honen xedea da aipatutako erakundeek prestakuntzan duten monopolioa ez galtzea. Gobernuak UGT eta CCOOei emandako laguntza medio hauteskunde sindikaletan sartzen du muturra, langileek haiei ematen ez dieten babesa orekatze aldera.

UPNk eta PSNk aurrekontuetan 5,5 milioi euro jaso dituzte UGT, CCOO eta CENekin aldebiko hitzarmenak egiteko, eta beste 900.000 euro, erakunde berberek osatzen duten Elkarrizketa Sozialeko Kontseilurako; erabaki hau diru publikoa xahutzea izateaz gainera Gobernuari eta erregimenari emandako zerbitzuen ordaina da.

ELAk ohartarazi nahi du zenbateko premiaz gauzatu den operazio hau, eta beste partida sozialekiko -pentsioak, oinarrizko errenta edota langile publikoen soldatak- adierazten duen faborezko tratua: Berariaz aipatzen da legean diru-laguntza KPIren arabera gehituko dela urtero, eta lehen hiruhilekoan ordainduko dela. Honek agerian uzten du azken helburua Gobernuari esker bizi diren erakundeei laguntza ekonomikoa ematea dela.

Erabaki honen zergatia argia da: UGTk, CCOOek eta CENek prestakuntza ikastaroetan duten monopolioari eutsi nahi diote. Hain zuzen, ikastaro hauei esker jasotzen dituzten diru-laguntzei buruz Kontuen Ganberako presidenteak esan zuen “perbertsoak” zirela. ELAk uste du berehala berrikusi behar dela eredu hau, eta horren ordez kudeaketa publikora jo behar dela, bermatzearren langileen prestakuntza dela helburu bakarra, eta ez sindikatuak eta patronala finantzatzea.

ELAren iritziz aipatutako erakundeak saritzea ezin da justifikatu, ez ikuspuntu demokratiko, ez etikotik ere, eta are gutxiago langileen onerako dela esanez.

Onartu ezinekoa da zenbateko arbitrarietatez erosten den kidekoen isiltasun eta babesa, bide batez hauteskunde sindikalak bete-betean direnean laguntza ekonomikoa ematen zaielarik. Gobernuak UGT eta CCOOren alde egiten du, horrela eremu sindikalean muturra sartzen duelarik, bi sindikatu horiek baliabide gehiago izan dezaten (ezaguna da egoera ekonomiko oso zailean daudela), langile nafarrek hautestontzietan gero eta areago adierazten baitute ez dutela haienganako konfiantzarik.

Beraz, erregimenaren aurpegirik ilunena agerian geratzen da berriro; eredu antidemokratiko honen funtsa klientelismoa eta faboreen ordaina da.

Azkenik, ELAren ustez Nafarroan aldaketa sozial eta politikoa nahi dugun eragileontzako eginkizun urgenteetako bat izan behar da pribilegioen sistema eta diru publikoa xahutzea amaiaraztea.