ELAk Hezkuntzako langileen txertaketa prozesuan informazioa, gardentasuna eta osasun irizpideen araberako plangintza exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari

2021/02/19
Hezkuntza Sailak txertaketa plana abian jarri du Hezkuntza publikoko hainbat sektoretan (Heziketa Berezia, Haurreskolak eta sukaldeak, besteak beste), sindikatuekin ezer partekatu gabe. Hori dela eta, ELAk Hezkuntzako langileen txertaketa prozesuan informazioa, gardentasuna eta osasun irizpideen araberako plangintza exijitu dio Eusko Jaurlaritzari.

Hezkuntzako langileak oraingo fasean txertatzeko asmoaren berri prentsaren bidez ezagututa, pasa den astean, otsailaren 11an izandako mahai parekide batean ELA sindikatuak espreski txertaketa plangintzari buruzko informazioa eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Eusko Jaurlaritzak gaiarekiko ezjakintasun osoa adierazi zuen eta ez zuen inolako informaziorik eman. Atzo, astebete beranduago, txertaketa protokoloa abian jarri zuten langileen ordezkariei ezer jakinarazi gabe. Ikastetxeetara txertoa jartzeko hautua egingo duten langileen errolda helarazteko eskatu die lehen urrats gisa.

Ikasturtea hasi zenetik sarritan eskatu izan diogu Osasun Batzordea abian jarri dezala, baina otsailean egonik eta pandemia egoeran egonda ere, ez dute bilera bakar bat ere deitu. Gaurkoan, berriro ere urgentziazko Osasun Batzordeko bilera bat deitu dezatela eskatu diegu, txertaketaren inguruko protokolo eta plangintza langileen ordezkariekin partekatzeko eta informazioa emateko.