ELAk Eusko Jaurlaritzari galdegin dio ken dezala langile publikoei gaixotzeagatik ezartzen zaien zigorra

2018/04/23
Mahai gainean dagoen Eusko Jaurlaritzaren proposamenak ez bermatzen 2012tik hona murriztuta dagoen eskubide hau bere osotasunean berreskuratzea.

2018ko martxoan izan zen Mahai Orokorraren bileran, Andres Zearreta, Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordeak, sindikatuei esan zien proposamen bat egingo zuela murriztutako eskubide hori bere onera ekartzeko, alegia, gaixotasun kasuetan, Eusko Jaurlaritzaren langileek berriro ere ordainsariaren %100 jaso zezaten.

Bada, ELAk gogoratu nahi du Jaurlaritzarekin berarekin sinatutako akordio eta lan-hitzarmenek eskubide hori propio aitortzen dutela; beraz, gobernuak eskubide hori berreskuratu nahi badu, bere esku dago berehala egitea. Jaurlaritzak bete egin behar ditu sinatutako akordioak; kontu hau ez da bere borondatearen fruitu den eduki bat, baizik eta dagoeneko hitzartuta zegoen zerbait gauzatzea.

Horregatik, ELAk Eusko Jaurlaritzari ohartarazi dio ez duela antzeztuko benetan ez den negoziaziorik.

Hori alde batera utzita, esan beharra dago Jaurlaritzak mahai gainean jarri duen proposamenak ez duela guztiz bere onera ekartzen Patxi Lopezek langile publikoei murriztu zien eskubidea (murrizketa hura gerora Rajoyk 2012an inposatu zuen Egonkortasun Legeak berretsi zuen). Izan ere, ez du %100 bermatzen gaixotasun arrunten kasuetan Eusko Jaurlaritzaren langileek ordainsariaren %100 jasoko dutenik. Ondorioz, hitzartuta zegoenarekiko atzerapausoa baita.