Benetan garrantzitsua denaren alde borrokatzeko kongresua

2021/10/04
ELAk 15. Kongresu konfederala aurkeztu du gaur, urriak 4, `Benetan garrantzitsuak diren gauzak; Aktibatu, Lortu, Zaindu´ lelopean. Kongresua Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da azaroaren 24 eta 25ean. Leloak dioen bezala, langileak eta gizarte osoa aktibatzea da helburua. Pandemiak inoiz baino nabariago utzi ditu gure gizartearen gabeziak eta dohainak. Krisiek pertsonen eta gizarteen alderik onenak eta txarrenak uzten dituzte agerian. 2008ko krisia oraindik gainditu gabe genuela, pandemia honek sorturiko osasun krisiak ondorio ekonomiko, laboral eta sozial larriak eragin dizkie langileei.

Aldaketa potoloak datoz (lan erreforma, pentsioen erreforma...), eta ELAk langileon alde jarri behar

ditu aldaketa horiek. Kapitalaren aurrean, benetan garrantzitsuak diren gauzak aktibatu, lortu eta zaindu behar dira:

1) Bizitza eta osasuna erdigunera ekarri.

2) Zerbitzu publikoak doakoak eta unibertsalak izan daitezen lortu.

3) Erabakitzeko eskubidea gure bizitzako arlo guztietara zabaldu.

4) Genero ekitatea lortu.

5) Ingurumena zaintzen duen gizarte eredua bultzatu.

6) Bizi baldintzak hobetu.

Ponentziaren ildo nagusiak:

Eraldaketa sozial, ekologiko, demokratiko eta feministaren alde

  • Lurraren muga fisikoak begi-bistakoak dira. Orain hobeto dakigu sindikatuak ere jauzia egin behar duela lantokietan gatazka ekologikoa eta klase gatazka uztartzeko.
  • Pandemiak erakutsi du funtsezkoa zer den: bizitza jasangarriak eta zaintza lanak. Hau ezin da gelditu. Hala ere, lan horiek ikusezinak dira, gutxietsita eta prekarizatuta daude.
  • Ekonomia eta finantzak kontrol publikopean jarri behar dira gehiengo sozialen interesen esanetara egon daitezen.

Estatu independentearen alde, kultura errepublikanoaren alde

  • Europa iritsi ezineko gotorlekua da herrien aldarrikapenentzat. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua Madrilen hartzen diren erabakien kudeatzaile administratibo hutsak dira.
  • ELAk euskal Estatu baten alde egingo du, Errepublika burujabe eta independente baten alde, nazio eta klase emantzipazioa helburu izango duena.

Bestelako negoziazio kolektiboa lan prekaritateari behar bezala aurre egiteko

  • Patronalen eta gobernuen posizio gogorrak direla eta, gure ekintzaren erdigunean grebak eta mobilizazioak kokatzea besterik ez dugu, batez ere eremu feminizatuetan egiturazko aldaketak eragin nahi baditugu.
  • Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdi politikoek negoziazio kolektiboari lotutako erabakiak baldintzatzeko aukera daukate.
  • ELA erreferentziako sindikatua da langile prekario ugarirentzat, baina guztientzat izatea nahi dugu. Hau da kongresu honek finkatzen dituen helburu estrategikoetako bat.

Militantzia integrala, hobeto eta areago antolatua

  • Eraldaketa asmoa duen erakunde orok gero eta militante gehiago behar du; oinarri militante hori zabaltzea izango da gure lanaren oinarrizko ardatza.
  • Edozein militantzia eredu ez da baliagarria. Gure eredua inklusiboa eta plurala da, emakumeen parte hartzea bermatuko duena, eta horretarako baldintzak sortu behar dira.
  • Gure zerbitzu juridikoek paper garrantzitsua dute ezberdintasunaren eta eskubideen urraketaren kontrako borrokan.

Gure helburuekiko koherente diren aliantza eta sinergiak

  • ELAren ustez, soilik “euskal gehiengo sindikala” deiturikoak betetzen ditu aliantza sindikal estrategiko bat osatzeko baldintzak.
  • Mugimendu sozial eraldatzaile guztiek egindako bideak erakutsi du estrategikoki arrakastatsua izan zela Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratzea.
  • Kide garen nazioarteko erakunde sindikalekin lanean jarraituko dugu, gure kontrabotereko sindikalismoaren ikusmoldea adieraziz, giza eskubideekiko eta herrien eskubideekiko konprometitua.

Batzorde Eragilea - Izenak eta funtzioak

Nazio Batzordeak Batzorde Eragileko pertsonen eta funtzioen zerrenda proposatu du dagoeneko, Kongresuan bozkatuko dena. Exekutibarako 3 kide berri proposatzen dira:

- Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Gasteiz, 1989).

- Alazne Mantxola Mintegi (Legazpi, 1988).

- Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Durango, 1989).

Beraz, kongresutik aurrera Batzorde Eragilea organo parekidea izango da (6 emakume eta 6 gizon):

- Mitxel Lakuntza Vicario (Idazkari Nagusia).

- Amaia Muñoa Capron-Manieux (Idazkari Nagusi albokoa. Nazioartea).

- Amaia Aierbe Beloki (Zerbitzu Juridikoak).

- Xabi Anza Olarra (Prestakuntza. Iparraldea).

- Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Ekintza Soziala. Immigrazioa. Genero berdintasun politikak).

- Iván Giménez Gil (Komunikazioa).

- Pello Igeregi Santamaria (Negoziazio Kolektiboa. Lan Osasuna. Euskara).

- Alazne Mantxola Mintegi (Diruzaintza).

- Mikel Noval Fernandez (Gizarte Politikak. Azterketa Bulegoa. Ingurumena).

- Leire Txakartegi Iramategi (Antolakuntza).

- Joseba Villarreal Olaizola (Hauteskunde sindikalak. Afiliazioa. Ekintza konfederalak).

- Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Sindikalizazioa. Planifikazioa. Genero ekitaterako plan estrategikoa).

Kongresuaren datuak:

Sindikatuaren estatutuei jarraiki, ELAko 736 delegaturen artean eztabaidatuko da Batzorde Eragileak aurkezturiko kudeaketa txostena, baita datozen lau urteetako lan ildoak zehaztuko dituen ponentzia ere. Prozesu hau oso aberasgarria izaten ari da, ehunka delegatu parte hartzen ari direlako. Kongresurako hautatutako 736 delegatuak batetik sindikatua osatzen duten eskualde edo lurraldeetatik datoz, eta bestetik, federazio sektorialetatik (Industria eta Eraikuntza, Zerbitzuak eta Gizalan), beti ere, talde bakoitzaren afiliazioaren arabera. Hau da, eskualde eta lurraldeka 350 lagun izendatu dira eta beste 350 federazioetatik. Gainontzeko 36 pertsonak Nazio Batzordeko kideak dira.

Kongresuan izango diren 736 delegatuen artean, 384 gizonak dira eta 352, emakumeak (%47,2). Horrek agerian uzten du sindikatuaren genero berdintasunaren aldeko apostua. 2008. urteko kongresuan emakumeen parte hartzea %30,3koa izan zen; 2013an, berriz, %33,4koa, eta 2017an, %42,8koa. Datu hauek guztiak eta bestelako nobedade guztiak, propio sortutako web-gunean izango dira eskuragarri: www.ela.eus/kongresua-15

Orain, inoiz baino areago, ELA kontraboterean oinarritutako sindikatua da, langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko tresna soziala, benetan garrantzitsuak diren gauzak lortzeko bitarteko bat.

Horixe da ELAren egitekoa:

Aktibatu. Lortu. Zaindu. Benetan garrantzitsuak diren gauzak