ELAk apustu egiten du sindikalismo feministaren alde, indarkeria matxistarik gabeko bizitza autonomoagoa lortzeko #A25

2021/11/25
Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunari eskainitako ekitaldiarekin abiatu da ELAren XV. Kongresuko bigarren eguna. Ponentzia eta Batzorde Eragilea bozkatuko dute gaur, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia berriro hautagai dela

Gaur, azaroak 25, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, ELAk indarkeria matxistaren aurkako konpromiso berretsi du XV. Kongresuan, ekitaldi bereziarekin. Atzo egin zen aurreneko saioa Bilboko Euskalduna Jauregian, eta gaur ponentzia eztabaidatzeko eta Batzorde Eragilea hautatzeko eguna izango dute, Mitxel Lakuntza berriro idazkari nagusi izateko hautagai dela.

#A25 eta sindikalismo feminista

XV. Kongresu Konfederalean ELAk prekaritatearen -kasu askotan feminizatua- aurka borrokatzen jarraitzeko konpromisoa hartuko du, negoziazio kolektibo feminista baten bidez. Emakumeen interes orokorrak erdigunean jarriko dituen negoziazio kolektiboaren alde egiten jarraituko duela jasotzen du ponentziak, emakumeei indarkeria matxistarik gabe bizitzeko aukera eta autonomia gehiago eskaintzeko.

Horrela, saioa hasteko egindako ekitaldian, aurten Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu eta omentzeaz gain, eta genero identitate disidenteagatik mundu osoan pertsona askok jasaten duten indarkeria salatzeaz gain, emakumeen aurkako indarkeria lan munduan ere gauzatzen dela gogorarazi du ELAk, eta horren aurkako borrokan tinko arituko dela.

“Tratu txar fisiko, psikologiko, sinboliko eta ekonomikoa lantokietan ere gertatzen da. Sindikatua garen heinean, horretan zuzenean eragin dezakegu, negoziazio kolektibo feminista eginez; soldata arrakalaren, kristalezko sabaien eta genero rolen aurka borrokatuz”, adierazi du Leire Gallego Genero gaietarako Batzorde Eragileko hautagaiak.

Bide beretik, lantokietan sindikatuak ahalduntze kolektiborako tresna izan behar duela azpimarratu du Gallegok, greban dauden emakume askok egunero sindikatu feministagoa eraikitzen dutela ohartaraziz: Guggenheim-eko langileek, Gipuzkoako egoitzetako langileek, Beasaingo Etxez Etxeko laguntza zerbitzukoek... Horiek guztiak greba feministak direla azpimarratu du ELAko kideak, eta hori dela, hain zuzen ere, sindikatuak mugimendu feministari egiten dio ekarpena.

Aurrekoaren ildotik, zuzenean interpelatu ditu gatazka horien erantzule diren erakunde publikoak, kasu askotan, langileen prekarizazio eta lan baldintzen okertzea bultzatzen dutelako haien pribatizazio eta azpikontratazio politiken bidez, hala nola zahar egoitzetan edo garbikuntzan.

Lantokiko ekintza sindikalaz gain, sindikatua bere burua berrikusten ari dela baieztatu dute, genero ekitatean oinarritutako barne antolakuntza aldaketa prozesu batean murgilduta baitago.

Gure kultura zalantzan jartzen eta berrikusten ari gara. Konturatu gara gu geu ari garela, zenbait kasutan, salatzen dugun hori erreproduzitzen, alegia, genero-desberdintasunak eta diskriminazioa errepikatzen. Ziur gaude barne-prozesu hori funtsezkoa izango dela behar dugun sindikatu feminista hori eraikitzeko”.

Barne-prozesuaz gain, Gallegok ez ditu ahaztu lan munduaz haratago doazen errealitateak. “Lan ordaindu eta formalaren esparruan egiten ditugun borroka sindikalak dira hauek, baina ez ditugu lan erreproduktiboa eta etxeko lana ahaztu nahi, askotan ikusezinak baitira”, dio.

Bide horretan, Gallegok mugimendu feministaren eta mugimendu sindikalaren arteko aliantzaren aldeko apustua egin du. “Militante eta ekintzaile feminista guztiak omendu nahi ditugu, beren lan aktibistagatik mehatxatuak eta jazarriak baitira, baita sare sozialetan ere. Badakigu ultraeskuina etengabe dabilela zelatan elizaren edo patronalaren sektore eta estamentu batzuekin batera”.

Azkenik, Euskal Herriko mugimendu feministak indarkeria matxista salatzeko gaurko deitu dituen manifestazioetan parte hartzeko deia egin die Gallegok afiliatu guztiei.

Azaroak 25: Batzorde eragilea eta ponentzia

XV. Kongresuaren bigarren egunak, bestalde, honako bi mugarri nagusi izango ditu. Alde batetik, datozen lau urteotako lan ildoak ezarriko dituen ponentzia eztabaidatuko da, eta, ondoren, bozkatu. Era berean, Batzorde Eragilea ere hautatuko da, Mitxel Lakuntza buru duena. Gainera, orain arteko Batzorde Eragilearekin konparatuta, beste hiru kide berri izango dira zerrendetan: Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Gasteiz, 1989), Alazne Mantxola Mintegi (Legazpi, 1988) eta Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Durango, 1989).

Hori dela eta, Kongresuko babesa jasoz gero, aurrerantzean parekidea izango da Batzorde Eragilea, honako kideekin: Mitxel Lakuntza Vicario (Idazkari Nagusia), Amaia Muñoa Capron-Manieux (Idazkari Nagusi albokoa. Nazioartea), Amaia Aierbe Beloki (Zerbitzu Juridikoak), Xabi Anza Olarra (Prestakuntza. Iparraldea), Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Ekintza Soziala. Immigrazioa. Genero berdintasun politikak), Iván Giménez Gil (Komunikazioa), Pello Igeregi Santamaria (Negoziazio Kolektiboa. Lan Osasuna. Euskara), Alazne Mantxola Mintegi (Diruzaintza), Mikel Noval Fernandez (Gizarte Politikak. Azterketa Bulegoa. Ingurumena), Leire Txakartegi Iramategi (Antolakuntza), Joseba Villarreal Olaizola (Hauteskunde sindikalak. Afiliazioa. Ekintza konfederalak), eta Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Sindikalizazioa. Planifikazioa. Genero ekitaterako plan estrategikoa).