ELAk lan-erreforma indargabetzea eta EAJk, Bilduk eta Podemosek pentsioen lege berriari uko egitea eskatu du
EAJ, Bildu eta Unidas Podemos alderdiei ere abenduaren 2an Diputatuen Kongresura iritsiko den pentsioen lege berriaren aurka bozkatzeko eskatu diete. Luis Fernández Centeno Ezkerraldea-Kadaguako eskualdeko arduradunak defendatutako ebazpenak gogorarazten duenez, “Estatuko eskuinak euren artean lehian ari diren testuinguru honetan, Euskal Herriko alderdien eta ezkerreko indarren botoak erabakigarriak dira erreforma horiek onartzeko. Horregatik, Kongresuak eskatzen die EAJri, EH Bilduri eta Unidas Podemosi gaitasun hori erabil dezatela joan den hamarkadan Rajoyk eta Zapaterok onartutako lan-erreformak eta pentsio-erreformak indargabetzeko”.
“Ez gaitzazue Madrilen saldu -jarraitu du Fernandezek-. Ez dugu inolaz ere onartuko Euskal Herriko ehunka mila langile edo pentsiodunen bizi-baldintzen hobekuntzaren aurretik beste interes batzuk jartzea”.
Hala, ELAren 15. kongresuak honako eskakizun hauek onartu dizkie alderdi politikoei:
- Abenduaren 2an Pentsioen Lege-proiektuari uko egitea.
- 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak indargabetzea.
- 2022an pentsioak 2021eko azaroko urte arteko KPIa igoko dela bermatzea.
- 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea.
- 2010, 2011 eta 2012ko lan-erreformak indargabetzea.
- Lan-arloko etorkizuneko lege-dekretua baliozkotzearen aurka bozka dezatela, baldin eta Euskal Herrian gure lan-baldintzak erabakitzeko eskubidea bermatzen ez bada, eta kaleratzea errazteko eta merkatzeko neurrietan atzera egiten ez bada.
“Hori dela eta, abenduaren 1ean, beste erakunde sindikal batzuekin batera, mobilizazio-egun bat deitu dugu (beste batzuk ere etorriko dira), dozenaka gizarte-erakundek lagunduta, greba orokorra bezalako mobilizazio masiboak baztertu gabe”.