HAIZEA WIND (SANTURTZI)
Langile batek istripu oso larria izan du

ELAk askotan salatu du langileek segurtasun-baldintza txarrekin lan egin behar dutela. Bereziki salatu ditu arriskugarritasun handiko makina horretan erabiltzen diren lan-prozedurak; makina horrek 20 eta 30 tona arteko piezak kurbatzen ditu, eta erabilitako prozedurak ez dira egokiak lan-osasunaren ikuspegitik. Langileak 50 urte ditu, azpikontrata bateko langilea da eta oso denbora gutxi zeraman makina horretan lanean.
Prekarietateak eragin oso negatiboa du lantokietan, eta lan-baldintzak urtetik urtera okerragoak dira. Patronalak arrisku larrian jartzen ditu langileen bizitza eta osasuna ekoizpenaren onurak handitzeko. Ez da lehenesten laneko segurtasuna. Ez da behar adina inbertitzen laneko prebentzioan eta/edo segurtasunean, ez zaio garrantzirik ematen informazioari eta/edo prestakuntzari. Eusko Jaurlaritzak eta lan-osasunean inplikatutako erakundeek lehentasuna eman beharko liokete lan-baldintzak hobetzeari eta lantokietako prekarietatea ezabatzeari, pairatzen dugun ezbehar-tasa onartezina errotik aldatzeko lan-baldintza egokiak bermatuz.
ELA lanean ari da datu gehiago biltzeko, baina dagoeneko 28 langile hil dira Hego Euskal Herrian 2024an lan-istripuen ondorioz. Zehazki, Bizkaian 6 dira, eta makinek edo piezek harrapatuta, 4.