Ehungintza eta oinetakoen merkataritza

ELAk lan baldintza hobeak mantentzea bermatu du estatuko hitzarmenaren aurrean

ELAk lan baldintza hobeak mantentzea bermatu du estatuko hitzarmenaren aurrean
ELAk lortutako akordioari esker, ehungintza eta oinetako merkataritzako estatuko hitzarmenak ez ditu EAEn gaur egungo lan baldintzak okertuko. Langileek soldatak hobeak izaten jarraituko dute eta igande eta jaiegunetan denden itxiera mantenduko da.

Ehungintza eta Oinetako Merkataritzako I. Estatuko Hitzarmena sinatu dute CCOOk eta Feticok, ARTE patronalarekin batera (Inditex, Primark, Mango edo H&M bezalako marka handiak biltzen dituena). Horren aurrean, ELAk akordio bat lortu du hitzarmen hori EAEn ez aplikatzeko. Eskakizuna ELAren aldarrikapen nagusietako bat izan da negoziazioaren hasieratik, hori defendatu duen sindikatu bakarra izanik, eta hiru lurraldeetan 20 greba egunetik gora egin dira.

ELAk lorpen hau “historikotzat” jo du, lehen aldia baita estatuko hitzarmen batek halako klausula bat jasotzen duena. Sindikatuak ohartarazi du estatuko hitzarmena aplikatzeak eskubide galera handia ekarriko lukeela: soldaten izoztea dagoeneko lanean daudenentzat eta estatuko hitzarmeneko soldatak aplikatzea kontratazio berriei, igande eta jaiegunetan irekitzea, lanaldi irregularrak ezartzea edo aldizkako langile finko partzialak kontratatzea, besteak beste.

Antolakuntzari eta ekintza sindikalari esker, ehungintzako merkataritzako langileek lurraldeetako hitzarmen kolektiboek araututa jarraituko dute, gaur egun indarrean dauden lan baldintzak mantenduz; baldintza horiek Estatuko onenetakoak dira.

Besteak beste, soldata alde nabarmenak mantenduko dira. Horren adibide da Gipuzkoa: bertan urteko soldatak estatuko hitzarmenarekiko 6.856 euroko aldea izan dezake. Estatuko markoa aplikatuz gero, Gipuzkoako langileek erosahalmena galduko zuketen.

Bizkaian, berriz, lanaldia izango zen kaltetuena. Estatuko hitzarmena aplikatuz gero, urteko lanaldia 43 orduz handituko litzateke. Hau da, ehungintzako sektoreko langileek urtean 1.770 ordu lan egin beharko lituzkete, gaur egungo 1.727 orduen ordez.

Era berean, Araban estatuko hitzarmenean jasotzen ez diren osagarri ekonomikoak mantenduko dira. Zehazki, Arabako sektore hitzarmenak (garaipen sindikal honi esker aplikatuko dena) helburuen prima, erantzukizun plusa eta online prima jasotzen ditu. Azken osagarri horiek ez daude estatuko hitzarmenean. Horrez gain, astelehenetik larunbatera arteko lanaldiaren araubidea mantenduko da, igande eta jai egunetako itxiera bermatuz.

ELAk uste du patronalek eta estatu mailako sindikatuek sustatutako estatalizazio estrategiaren helburua dela lan kostuak murriztea, lan baldintzak prekarizatzea eta euskal sindikalgintzaren antolakuntza gaitasuna ahultzea. Horren aurrean, ELAk defendatzen du mobilizazioa eta ekintza sindikala eraginkorra dela prozesu hori geldiarazteko, eta berretsi du negoziazio kolektiboa berriz zentralizatzeko edozein saiakeraren aurrean borrokan jarraituko duela.