Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegien garbikuntzako langileek akordioa lortu dute bederatzi hilabeteko grebaren ondoren

2019/06/26
ELAk Komisaria eta Epaitegietako garbitzaileak zoriondu nahi ditu: beren esparruan soldata arrakala %70ean murriztu dute 280 eguneko greba egin ondoren. Aldi berean, greba batzordeak lortu du Garbialdik aintzatestea langileek baldintza toxiko eta penagarrietan lan egiten dutela, eta soldataren %20ko plus bat lortu dute lan horiek egikaritzeagatik. Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegiak garbitzen dituzten langileak Garbialdi azpikontratatutako enpresakoak dira.

Beharrezkoak izan dira 9 hilabete aipatutako edukiak lortzeko. ELAk salatu nahi du greba hau (eta baita beste greba feminizatu batzuk ere) behar baino askoz denbora gehiago luzatu dela, hein handi batean Eusko Jaurlaritzak izan duen jarreraren ondorioz. Izan ere, Eusko Jaurlaritzan izugarrizko zerbitzu minimo altuak inposatu zizkigun, eta baita bi ez-ohiko garbiketa ere. Garbikuntza eta zaintzako kolektiboek ez dute diskurtso feminista hutsak eta hipokritarik behar instituzio publikoen aldetik, baizik eta ekintza feministak behar dituzte, akzio konkretutan materializatzen diren ekintzak.

Azken batean, akordio bikaina lortu da, bederatzi hilabeteko borroka nekagaitzari amaiera ematen diona, garbitzaileek erakutsi duten irmotasun eta elkartasunaren ondorio dena. Hemen lortutakoak erakusten digu kolektibo feminizatuetan soldata arrakalaren aurka joateko bidea antolakuntza eta borroka direla.