Hauteskunde sindikalen gako batzuk

Espainiako Estatuan, hauteskunde horiek lantoki bakoitzean egiten dira. Lantokiak 5 langile baino gehiago eta 10 baino gutxiago baditu, langileen ordezkari bat aukeratu daiteke. 10-49 langile dituzten zentroetan, langileen 3 ordezkari aukeratzen dira gehienez. Lantokiak 50 langile edo gehiago baditu, enpresa batzordea izeneko organoa aukeratzen da, 5 eta 75 kide artekoa, Langileen Estatutuaren 66. artikuluan onartutako taularen arabera (herri-administrazioetan, funtzionarioentzat, ez dira enpresa batzordeak, langile batzordeak baizik, eta langile kopuruaren eta langile batzordeko kideen arteko harreman taula ez da enpresa-batzordearentzat bezalakoa).
Langileen ordezkariak eta enpresa batzordeak (funtzionarioentzako langile batzordeak) langileen ordezkaritza organo unitarioak deitutakoak dira.
Espainian, enpresa batzorderako hautagaien zerrendak itxiak dira, eta aurkezten den sindikatuari edo koalizioari ematen zaio botoa. 50 langile baino gutxiago daukaten enpresen hauteskundeetan irekiak dira, eta aurkezten diren pertsonei ematen zaie botoa.
Hauteskunde sindikalen prozesua dinamikoa da, eta langileen ordezkaritza organoek 4 urteko iraupena dute.
Langileen ordezkariek eta enpresa batzordeetako kideek norberak aukeratutako orduak dituzte enpresaren kontura, langileen ordezkaritza-betebeharrak betetzeko denbora izan dezaten. Ordu horiek Langileen Estatutuaren 68.e artikuluan ezarrita daude, banaketa-taula baten arabera. Enpresarekin adostuta, ordu kopurua alda daiteke, eta hautatutako pertsona batengan kontzentratzeko aukera ere badago. Horrek liberatu sindikalak izenekoak sortzen ditu. Ordezkari guztiek ordezkaritza betebeharrak askatasunez gauzatzeko bermeak dituzte.
Ordezkagarritasuna
Erakunde sindikal baten ordezkagarritasuna erakunde sindikal horretako kide guztiak batuta lortzen da. Ordezkaritza hori hiru mailatan ezartzen da: sektore, autonomia erkidego eta estatu mailan.
Askatasun Sindikalaren Lege Organikoaren arabera, ordezkaritza handieneko sindikatua lortzen da Espainia osoko ordezkarien (langileen zein enpresa-batzordeko kideen) %10 edo autonomia erkidego bateko ordezkarien %15 lortzen bada. (Beti ere 1.500 delegatu baldin baditu). Sektoreka, sektore horretan hautatutako ordezkarien %15a lortzen bada ordezkaritza handieneko sindikatua dela esaten da.