Baionako manifestua: Alda dezagun sistema eta ez klima!

Gaby: Gaby deitzen naiz, hamasei urte ditut eta Frantziako Poitiers-koa naiz. Duela hilabete batzuk, Alternatiba itzulia ene herrialdetik pasa zen.
Moriba: Moriba deitzen naiz, hamasei urte ditut eta Gineako Conakry-koa naiz. Duela hilabete batzuk, Mediterraneoa zeharkatu nuen txalupa hanpagarri batean beste lau gazterekin. Kasik ito ginen baina itsas-salbamenduko ontzi batek sokorritu gintuen.
Gaby: Gaur, gure ibilbideak gurutzatzen dira, gizadiaren etorkizunaren bidegurutzean garen unean. Bat egiten dugu bizidun guztiak hunkitzen dituen erronka batekin: klimaren desoreka gelditzea.
Moriba: Klimaren desorekatzea. 7 miliar aldiz errepika dezakegu, gutariko bakoitzaren kontua baita.
Gaur egun, 1,1 graduko berotze klimatiko orokorrarekin, mundua jadanik anitz aldatu da. Klimaren desorekatzearen ondorioek Iparreko herriak geroz eta gehiago hunkitzen dituzte. Eta Hegoaldeko herriek duela zenbait urte jadanik bortizki jasaten dituzte. Alta ez dira haiek errudunenak, hori bai injustizia!
Gaby: Badu 40 urte pasa zientifikoek deiadarrez abisatzen gaituztela. Sortu garenetik, Kopenhageko goi-biltzarra eta Pariseko COP21 iragan dira. Baina konkretuki ez da deus aldatu. Desorekatze klimatikoaren jatorrian diren berotegi-efektuko gasak, emendatzen ari dira oraindik. Petrolioa, gasa eta ikatza, isurtze suntsitzaileen eragileak, oraindik saldoan erretzen dira. Gaur egungo sistema ekonomiko kapitalista eta produktibistak Lurra berotzen du. Finantzaren lobbyek beren arauak inposatzen dituzte.
(...)
Moriba: Kolektiboki, masiboki eta berehala ekin behar dugu. Urrats ttipiek ez diete jada egoerari erantzuten. Egun bakoitza garrantzitsua da. Ekintza bakoitza ere bai. Duela 5 urte, hementxe berean, Baionako plaza honetan, Alternatiba, aldaketa klimatikoarekiko alternatiben Herrixkak biderkatzeko deia egin zen eta abiatu ziren, Haiti, La Reunion edo Dakarreraino hedatuz. 175 Alternatiba sortu dira horrela, ehun milaka lagun ezberdin ukituz. Hamaika urte genituen garai hartan. Guri dagokigu orain Deia zabaltzea, 2018ko Alternatiba hau antolatu duten 1.150 laguntzaileen izenean. 
Gaby: Ezinbestekoa den aldaketa masiboa eta berehalakoa guhaurek bultzatu behar dugu. Oraindanik egin dezakegu, gure auzoetan, gure herrietan eta gure lurraldeetan. Bizi eta amestu nahi dugu eta ez bakarrik bizirik iraun. Gure herriak eta eskualdeak animatzen dituztenak beste bide bat hartzera bultza ditzagun. Gure tokiko hautetsiei argiki erran diezaiegun: ekin dezagun orain! Zientzialarien alerta gorriarekin koherenteak izan gaitezen denak. Urrats ttipiek ez dute gure mundua sauna bilakatzea ekidinen. Txirrindula bide batzuk, kantinan bio pixka bat, zabor bereizketa pixka bat: beharrezkoak dira baina ez da aski gure etorkizuna babesteko. Ekintza azkarrak nahi ditugu, aldaketa erradikalak berehala. Bozkatzeko adina 2020an izanen dugu eta mundu bizigarri eta desiragarria bermatzeko, egin denari edo ez denari buruzko kontuak eskatuko ditugu.
Moriba: Baina gu ere mugi gaitezen! Elkar gaitezen gure lurraldeen zinezko itxuraldatze sozial eta ekologikoak abiarazteko. Oldar berria eman, sendotu eta koordina ditzagun trantsizioko gure kooperatiba sozial eta ekologikoak, kontsumitzaile bide laburrak, gure tokiko elkartasunezko aurrezki funtsak, gure tokiko monetak, gure hedabide independienteak, gure sindikatu eta elkarrekiko laguntza eta elkartasunerako elkarteak, gure birziklapenak, gure laborantza ganbera alternatiboak, gure energia berriztagarrien ekoizpen sistemak.
Gaby: Lurretik kanpoko mundu deslokalizatuaren aitzinean, ehun dezagun lurralde bakoitzean, nonahi, naturako baliabideen ustiapen masiboen, klima globalaren nahasmendu planifikatuaren eta kontsumitzaileen aitzinean, bere burua zaintzeko eta gu gerizatzeko gai den gure ekosistema propioa. Aldi berean, eraiki dezagun alternatiba, justizia soziala, neurritasun lagunkoia, elikadura eta energia subiranotasuna, elkartasuna, eta bazterkeria edo diskriminazio guzien ukatzea... Proiektu horiek elkartzen gaituzte eta bihotza berotzen digute. Bizitzari zentzua ematen diote.
Moriba: Gure bizitzen baldintzak berreskura ditzagun, eta gure lurraldeetan egiazko bidebanatzea abiarazteko aukera ematen duten neurriak ezar ditzagun berehala: neurri hauek, badakigu jadanik existitzen direla eta asteburu honetan ikusi ahal izan ditugu Alternatiben Herri honetan: trantsizioko sektore guziei dagozkie, laborantzatik antolaketaraino, edota mugikortasun ezti, aberastasunen eta lan-partekatze, energia berriztagarri eta eraikinetatik iraganez.
Gaby: Guretzat eta gure hautetsiendako ekintza erabakigarriak badira, eskala guztietan... baina DENAK abiarazi behar dira. Ez da aski horietako gai batean bakarrik aritzea, dena loturik baitago. Ez gaitezela izu! Metamorfosi honek zentzua duten lanak sortuko baititu, gure inguruneak edertuko eta justizia eta elkartasun handiagorako ahalak emanen baititu.
Moriba: Hemendik aitzina bidegurutzean gara, hautu bakoitzak + 1,5°C-ko mundu batera buruz, ala + 3°C-ko mundu batera buruz eramaten gaituena. Ez dira zifrak bakarrik, mundu ezberdinei buruzko uzkailtze heinak dira; hautatzeko tenorea da! Eta orain da dena jokatzen.
Gaby: Horregatik, guk, hemen Baionan elkarturik, bateratuak eta deliberatuak, irmoki aldarrikatzen dugu esperantzaren eta ekintzaren garaia.
Moriba: Garaiz ari gara oraino! Alda dezagun sistema, eta ez klima!