Argia (Eta oso guapoa)
ALDAren ale hau prestatzen ari ginela Marc Giro i Costa (Bartzelona, 1974) elkarrizketatzeko aukera sortu zen. Bagenuen bere kontaktua, eta harremanetan jartzen saiatu ginen. Egia esan, ez genuen uste gure mezuak erantzungo zituenik; telebista izarra da, eta azken hilabeteetan hamaika sari eta aitortza jaso ditu. Hala ere, mezu bat bidaltzea erabaki genuen.
Hainbat egun igaro ziren eta ez genuen erantzunik jaso. Beraz, beste solaskide bat bilatzeari ekin genion. Hala ere, gaia ahaztuta genuenean mezu bat igorri zigun, barkamena eskatuz horren berandu erantzuteagatik. Gurekin elkartzeko gogo handia azaldu zuen, eta hitzordua lotzeko hamaika erraztasun eman zizkigun.
Bartzelonan egin genuen hitzordua, bere bizitokitik gertu dagoen Ateneu Barcelonèsen. Marc bertako bazkidea da, eta gela bat hartu zuen gurekin egoteko. Ostiral arratsaldea zen, eta adostutako orduan etorri zen, puntual. Kamerak piztu eta solasean hasi ginen; elkarrizketa solasaldi bihurtu zen. Hala eman genuen arratsalde osoa. Barre asko egin genuen berarekin solasten, baina bere esanek karga ideologiko handia zuten. Izan ere, umoretik ere gauza sakonak esan litezke. Plazerra izan da, Marc!