Iparralde

 

“Alda Mugimenduaren garapena funtsezkoa da”

AMAIA: “Sindikatu bezala ez gara aritzen Ipar Euskal Herrian, baina ponentzian bertan egiten dugunaren garrantzia azpimarratu beharra dago. ELA Iparraldean ere badago, eta guretzat gero eta garrantzia handiagoa du bertan egiten dugun lana”. Amaia Muñoa Ipar Euskal Herriko arduraduna izan da azken lau urte hauetan, eta bertako gizarte mugimenduen lana azpimarratzen du.

“Horren lekuko da Alda Mugimendua, bertako errealitate ekonomikoari aurre egiteko sortutako ekimena. Sistemaren margenetan dagoen jendearen egoerari erantzun bat ematearen garrantziaren hausnarketatik dator Alda. ELAn ere hausnarketa bera egiten dugu. Asko dugu ikasteko bertan egiten ari den lanaren inguruan”.

2020ko urriaren 10ean egin zen Aldaren batzar eratzailea, Baionan. Urtebete honetan lan handia egin dute jende xehearen eguneroko bizi-baldintzak hobetzen. “Azken lau urteetan konfirmatu egin da Iparraldeko mugimendu abertzale eta erakunde progresisten dinamismoa. Alda horren adibide argia da. Datozen urteetan sindikatua proiektu honen garapenean inplikatuko da, eta guretzako hau lan eremu oso garrantzitsua izango da”.