Pinkwashing: etsaia etxean?

Gero eta ohikoagoa da LGTBI kolektiboaren eskubideak murrizten dituzten neurriak sustatzen dituzten agintari politikoak ikustea Madrileko Harrotasunaren eguneko ekitaldietan parte hartzen. Akaso bere borrokaz jabetzen ari da kapitalismoa nitxo berri bat aurkitu duelako? Eduardok argi dauka: euren burua zuritu nahian dabiltza. “Ayuso, mamarratxoak edo munstroak deitu diguna, Chuecara (Madril) hurbiltzen da lau boto lortzeko. Hori zuriketa hutsa da, pinkwashing-a”.

Borovaren izen bereko bideoklipak jasotzen duen bezala, pinkwashing edo “garbiketa arrosa” da gobernuek, enpresek eta erakundeek erabiltzen duten estrategia beren politika errepresibo edo neoliberalak ezkutatzeko, LGTBI sektoreekiko hurbiltasun plantak eginez. “Ez saiatu, ez saiatu, gure banderak erabiltzen”, esan du abestiak. “Baina non daude transexualak, emakume arrazializatuak... gay harrotasunaren desfilean?”, kexu da. Berehala aipatzen du Madrilgo Vallecas auzoaren harrotasunaren desfilea. “Euskal Herriarekin lotura handia duen auzo borrokalaria da. Borroka egiten duen auzoa da, auzo harrotasuna duena, baina Udalak ez die desfilea egiteko lekurik ematen”, salatu du. Azaldu duenez, orube handi batean egin behar izaten dute, egokitu gabekoa eta tenperatura oso altuekin, eta gaua igaro arte ezin izaten dute kalera irten. “2019an parte hartu nuen. Afrikako familia horiek guztiak ikusi nituenean, emakume arrazializatuak, ijitoak... Han baziren espainiarrak, galiziarrak, errumaniarrak, marikoiak, lesbianak... Benetako errebindikazio-festa da hura”.

Madrilgo erdiguneko harrotasun desfilea masifikatuagoa dela onartzen du, bere argi-ilunekin, noski. “Batetik, beharrezkoa da deserosoa izaten jarraitzen duelako; bestetik, egia da gehienak gizon zuriak eta dirudunak direla”. Gaviñak ozen dio beste pertsona eta profil batzuei kabida eman behar zaiela, eta, batez ere, auzoetako kideak kontuan hartu behar direla. “Marta Sánchez bezalako jendea kontratatzen dute... Zergatik ez urte osoan Chuecan lanean ari diren trabestiak? Hori ere kapitalismoa da. Ni Madrilgo desfilera lanera joan naizenean ez didate ordaindu; izar handiei, ordea, dirutza ematen diete”.