Emakumeok, bizitzaren lehen lerroan. Esencialmente vivas

Behar-beharrezkoak izaten jarraitzen dugu oraindik! Nortzuk? Guk, pandemia betean guztion biziaren alde borrokatu garen emakume langileok, erakundeek abandonatu gaituzten eta tratu txarra eman diguten arren.

Bizi-bizirik gaude! Sektore feminizatu eta prekarizatuetako emakume langileok: krisian
txalorik jo ez dioten supermerkatuko langilea; EPI
gisa zabor-poltsa erabili behar zuena, eta inguruan jendea etengabe hiltzen zitzaion adinekoen egoitzako langilea; bere egoera administratiboa irregularra zelako deportatzeko mehatxua egiten zioten etxeko langilea; call-centerrean bata bestearen gainean lan egin behar zuten langileak, aurikularrak, mikroa eta ordenagailuak partekatuz; Sephora lurrin-dendetako langilea, 900€ irabazten dituena 1.000 €ko kremak salduz; bereziki egoera zaurgarrian dauden pertsona eta kolektiboekin lan egiten duen gizarte hezitzailea, erakundeek ezikusiarena egiten duten artean; lan-karga jasanezina duen eta laneko gaixotasunaren aitorpenik ez duen hoteletako garbitzaile edo “kelly”a; eraikuntzako SACYR multinazionalak zerbitzu publiko izan beharko lukeen lana negozio bilakatzen ikusi duen Etxez-Etxeko Laguntza Zerbitzuko langilea; behargin sanitarioak bezain beharrezkoa den ospitaleko garbitasuneko langilea; hezkuntza-komunitateko langileak eta,
batik bat, bertan diharduten kolektibo prekarizatuak, esaterako jantokietako eta garraioko langileak; kontraturik eta ERTErik ez duten zerbitzariak, eta beste hainbeste kasu.

Aipatu ditugun hauetaz gainera inork aintzat hartzen ez dituen lanak daude, etxeetan egiten direnak, ordainik gabeak, ikusezinak, kasu gehienetan emakumeen esku daudenak.

Hauentzat ez da txalorik jo; keinu bat ere ez. Lan arloan edo alde emozionaletik ez zaie erreparaziorik eman, negozioaren interes ekonomikoa kokatzen baita pertsonei zainduak izateko eta arreta duina jasotzeko zor zaien eskubideen gainetik. Galdetu, bestela, Gipuzkoako zahar-etxeetako langileei, euren alde eta zaintzen dituztenen alde borrokan daudelarik. Dagoeneko 240 greba egun egin dituzte! Arabako lankideak bide bera hastear dira laster... Borroka bizirik eta sasoian dago zahar-etxe eta zentro sanitarioetan!

Zer esanik ez etxeko langileen inguruan! Sistemak ez ditu ikusten ezta aitortzen ere, baina langile hoiek egiten dituzten etxeko eta zaintza lanak ezinbestekoak ziren pandemia aurretik eta badira ondoren ere, herritar asko eta askoren zaintza eta bizitzak sostengatu ahal izateko.

ELArentzat 2021eko martxoaren 8 honetan hamaika emakume izan daitezke urteko protagonistak. Horiei denei egin nahi diegu aitortza hau.

Urtebete igarota, sindikatuan uste dugu ezinbestekoa dela borrokan jarraitzea, mobilizazioei eustea, kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoaren alde; hori izan da zaintza sektoreko greben helburua: 2020ko azaroaren 17an, eta aurtengo urtarrilaren 26an eta martxoaren 4an.

Borroka horretan, eta etorriko direnetan, emakumeok, sindikalismo feministatik, baita etxeetan eta kaleetan ere, borrokaren lehen lerroan izango gara!