Emakumeen gorputzak

Dora Salazar Romo (Altsasu, 1963) artista plastikoa da; nafarra izatez, Bilbon bizi da. Batik bat eskultura lantzen du, baina beste diziplina batzuei ere arrakastaz heldu die: pintura, liburuen ilustrazioa, litografia…
EHUko Arte Ederren fakultatean ikasi zuen 1981 eta 1986 bitartean, eta 1989an Eskulturako doktoretza lortu zuen.
Urte askotan Altsasun izan zuen estudioa, eta gaur Bilbon du.
Bere lanetan emakumearen inguruko gaiek pisu berezia dute. Laurogeigarren hamarkadako arte munduan berritzailea izan zen. Salazarrek emakumezko unibertso bat sortu du, edertasun, erotismo eta sentsualtasunez betea.
Bere eskulturei esker sari asko jaso du. Sormen handia du, zentzu ironikoa eta enfasi kritiko nabarmena dario bere lanari; egungo bizimoduko ohitura eta balioak nabarmen uzten saiatzen da.
Lan arinak, pisu handirik ez dutenak egin ohi ditu, baina inpaktu bisual handia izaten dute.
2021ean ‘Zirgariak’ izeneko eskultura multzoa Bilboko Uribitarte pasealekuan kokatu zuten. Lau figurek osatzen dute, bi metrotik gorakoak, eta emakumeen lana aldarrikatzen du lan honetan. Aurkezpena egiterakoan egileak gogoratu zuen “gaur ere genero arrakala pairatzen dute emakumeek lan merkatuko hainbat eremutan”.